Donostiako Metroaren aurka bizilagunen elkarte batek jarritako salaketa onartu du Gipuzkoako Fiskaltzak

Satorralaia elkartearentzat, «arau urraketa larriak» egiten ari dira eraikuntza lanetan

Satorralaiakoak, joan den urriaren 22an, salaketa jarri zutenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Igor Susaeta.
2019ko azaroaren 15a
16:11
Entzun

Fiskaltzak ikerketa hasi du, salatutako gertaerak «segurtasun kolektiboaren kontrako delituen artean jaso daitezkeen» ebazteko. Hala nabarmendu du Idoia Zuriarrain Fernandez fiskalak, autoan. Horregatik, lanei buruzko «txosten zehatzak» bidaltzeko eskatu die bai Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura sailari, baita metroaren eraikuntza proiektua ondo zuen enpresari ere, Prointec-i.

Satorralaia elkarteak joan den urriaren 22an aurkeztu zuen salaketa, uste baitu eraikuntza lanetan ez direla ari betetzen arauak eta gomendioak, ez tuneletako segurtasunean, ez larrialdi irteerei dagokienean, ez eta elbarritasun bat duten pertsonak ebakuatzeko baldintzetan ere. Hans Heydemann ingeniariak —aditua da sute arriskuen prebentzioan— osatu du Satorralaiakek fiskaltzan aurkeztutako txostena.

Batik bat Pio Barojan aurreikusitako larrialdi irteerari erreparatu dio Satorralaiakek. Elkarteak salaketan nabarmendu duenez, obrak egiteko ireki duten tunel bat baliatu nahi dute larrialdi irteera hori egiteko. «Tunel horrek 500 metroko luzera du, eta bertan 400 eskailera egin nahi dituzte 68 metroko malda igotzeko; hau da, dorre baten 24. solairura oinez igotzearen parekoa da». Heydemannen txostenak zehazten du baldintza horietan edonork bere burua salbatzea «oso gogorra» litzatekeela, eta «ahalegin fisiko izugarria» eskatuko lukeela. «Tunelean sute bat gertatuz gero, jende askok ez luke bere burua salbatzeko inongo aukerarik izango»

Bizilagunen elkarteak iragarri du metroaren obrak gaitzesteko elkarretaratzea egingo dutela azaroaren 23an, larunbatarekin, Artzai Onaren katedralaren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.