Pentsioak

Pentsiodunek politikariei ohartarazi diete promesen aroa amaitu dela

Manifestazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Eragile sozialek, sindikatuek, mugimendu feministak eta ikasleek ere bat egin dute mobilizazioekin

Milaka manifestari izan dira Gasteizko martxan. JUANAN RUIZ/FOKU
aitor biain
2019ko azaroaren 16a
22:20
Entzun

Beste indar erakustaldi bat eman dute pentsiodunek Hego Euskal Herrian. Milaka manifestari elkartu dira Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta baita beste hainbat hiritan ere pentsio publiko duinak aldarrikatzeko protestetan. Mezu zuzena igorri diete politikariei: «Promesen garaia amaitu da». Haien eskariak aintzat hartu eta «ekintza zehatzak» martxan jartzeko eskatu diete erakundeetako ordezkariei. Ia bi urte dira pentsiodunek protestak hasi zituztela. Eskatutakoa lortu artean, ordea, mobilizatzen jarraituko dutela adierazi dute.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin eta astebetera izan dira pentsiodunen martxak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Eta, hain zuzen, gobernua eratzeko PSOE eta Unidas Podemosek sinatutako aurreakordioaren harira, pentsiodunek ohartarazi dute haien eskakizunak betetzea galdegingo diotela agintean dagoenari. «Agintean dagoena dagoela ere, gure eskaerak betetzeko exijituko diogu. Ez dugu amore emango», esan du Armando Aulestiarte Arabako pentsiodunen elkarteko kideak.

Guztira, 96 astelehen daramatzate protestak egiten, eta bitarte honetan ez dituzte haien eskariak aldatu: gutxieneko pentsioa 1.080ra igotzea, pentsioak legez KPIaren arabera eguneratzea, emakumeen eta gizonen arteko arrakala ezabatzea pentsioetan ere, edota gutxieneko soldata 1.200 euro izatea dira horietako batzuk. Eskari horien aldeko oihu artean egin zuten martxa Gasteizen, «Pentsio publiko duinak» zioen pankarta goiburu gisa hartuta. Marian Rodrigo Arabako pentsiodunen elkarteko kideak hala ere, alargun pentsioetan egin du azpimarra. «Emakumeok pentsioak gizonezkoen berberak izateko borrokatu behar dugu. Alargun pentsioak miseria dira guretzat».

Orain arteko protesten ondorioz, lorpen gutxi batzuk ere izan dituzte, hala ere. Izan ere, EAJk eta PPk egindako akordioaren ondorioz, iazko eta aurtengo pentsioak KPIaren arabera gaurkotzea, eta iraunkortasun faktorea lau urtez atzeratzea lortu zuten. Baina «ez dira nahikoa» Aulestiarteren arabera. «Mobilizazioei esker lortu genituen horiek, beraz, gainerakoak lortu arte mobilizatzen jarraituko dugu. Ez dugu atzerapausorik emango». 

Greba orokorrari begira

Manifestazioak ez dira protesta soilak izan, hala ere. Izan ere, eragile sozialek, sindikatuek, mugimendu feministak eta ikasle mugimenduek ere bat egin dute pentsiodunen mugimenduak deitutako protestekin. Mobilizazioetan parte hartu dute haiek ere, eta adierazi dute pentsiodunen aldarrikapenak eta helburuak partekatzen dituztela. Oinarri hori bera du, bada, urtarrilerako deitu asmo duten protestak.

Izan ere, datorren urtarrilean bi urte beteko dira pentsiodunak astelehenero elkartzen hasi zirenetik, eta urteurren hori «mobilizazio handi batekin» borobildu nahi dute. Greba orokorra izango da hori, eta Eskubide Sozialen Gutunak –ELA, LAB eta hainbat eragile sozial batzen dituen mugimenduak– urtarrilaren bigarren hamabostaldian deituko du. Pentsiodunen auziaz gain, lan eta hezkuntza arloko eskariak ere aintzat hartuko ditu grebak. «Bizitza erdigunean» jartzen dituzten «borrokak» bildu nahi baititu protesta orokorrak.

Mobilizazio handi horren aurretik, hala ere, protestan jarraituko dute pentsiodunek. Astelehenero, ohi legez, elkarretaratzeak egiten jarraituko dute. Baina, horrez gain, Nafarroako Parlamentuaren eta Eusko Legebiltzarraren aurrean protestak deitu dituzte abenduaren 12rako. Pentsio sistema publikoa bermatuko duen lege bat sustatu eta eztabaida Espainiako Kongresura eramatea eskatuko dute protesta horien bitartez. «Pentsioak konstituzioaren bitartez bermatu behar ditugu, gainontzean, ez dugu ezer egiteko», adierazi du Rodrigok. Hori lortu arte kalean, gogorarazi du «ikusgai» izaten jarraitu behar dutela eta mobilizazioei eutsi behar zaiela. «Borrokan jarraitu behar dugu, eta horretan ari gara. Behar diren astelehen guztietan mobilizatzen jarraituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.