Hong Kong

Hong Kongeko unibertsitatean itxitako ikasleen aurka jo du Poliziak

Gutxienez 40 pertsona atxilotu ditu, eta 24 zauritu; haietako hiru oso larri eraman dituzte erietxera. Ihes egiten ahalegindu diren manifestariei negar gasa jaurti diete.

Polizia zauritutako manifestari bat eramaten. FAZRY ISMAIL, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko azaroaren 18a
14:36
Entzun

Egunak zeramatzaten Unibertsitateko Politeknikoko ikasleek eraikinean itxita, protestan. Goizaldean, ordea, segurtasun indarrek ultimatuma eman diete, eta «armak eta gasaren aurkako maskarak» utzita eraikinetik ateratzeko agindu diete. Manifestariak irteten hasi direnean, ordea, negar gasa eta gomazko pilotak jaurti dizkiete, eta haietako asko atzeman egin dituzte.

Iturri ofizialek jakinarazi dute segurtasun indarrek goizaldeko seietan jakinarazi dietela manifestariei eraikinetik irteteko pasabide bat ahalbidetu dutela. Ted Hui diputatuak azaldu duenez, berriz, egunsentia baino lehen eraikinetik irteten ahalegindu diren manifestariei negar gasa eta gomazko balak jaurti dizkiete. Horrez gain, Poliziak itxi egin ditu unibertsitateko sarrera-irteera guztiak , eraikinean dauden mila inguru manifestariak inguratuz. Poliziak argudiatu du «aurpegia estalita zuten dozenaka istilu sortzaileri aurre egiteko» jaurti dutela gasa.

Manifestariek egunak zeramatzaten unibertsitatean itxita, baina, igande gauean, Poliziak gaueko 22:00ak arteko epea eman zien handik irteteko. Handik gutxira, Jin-Guang Teng irakasleak jakinarazi zuen «akordioa» adostu zutela segurtasun indarrekin, eta ikasleak «era baketsuan» irteten baziren berak lagunduko ziela aukeratutako polizia etxera, «bidezko tratua» jasotzen zutela bermatzeko.

Zenbait iturriren arabera, ordea, barruan geratu direnetako batzuek Molotov koktelak jaurti dizkiete poliziei. Segurtasun indarrek ohartarazi dute «benetako munizioa» erabiliko dutela protestak eten ezean. Bien bitartean, Gurutze Gorria eraikinaren barruan da, zaurituak artatzen. Lehen datuen arabera, 24 lagun artatu behar izan dituzte erietxean, eta haietako lau oso larri daude. Horrez gain, Poliziak 40 pertsona atxilotu ditu.

Eraikinean itxita dauden ikasleen bozeramaileetako batek ohartarazi du edateko ura badutela, baina orduak aurrera joan ahala jatekorik gabe geratzen ari direla.

Txinaren oharra

Ekainean hasi zituzten protestak, Txinak onartu berri zuen estradizio legearen aurka. Eztabaida baretze aldera, Pekinek atzera egin zuen, eta bertan behera utzi zuen araua, baina horrek ez zuen egoera lasaitu. Manifestariek, berriz, Txinaren esku hartzea salatzen dute, eta gobernu autonomoa aukeratzeko sufragio unibertsala ezartzea eskatzen. Izan ere, askok uste dute Pekinen asmoa dela Erresuma Batuaren kolonia izandakoak egun duen askatasuna mugatuz joatea.

Pekinek ez du, oraingoz, inolako asmorik manifestarien eskaerei men egiteko. Geng Shuang Atzerri ministroak ohartarazi du inork ez lukeela gutxietsi behar Txinak bere subiranotasuna bermatzeko eta Hong Kongeko egonkortasunari eusteko duen «borondatea». Hong Kongeko Gobernuak, bestalde, ohartarazi du «indarkeriak» bere horretan jarraitzen badu bertan behera utzi beharko dituztela asteburuan egitekoak dituzten hauteskundeak.

Bestalde, Hong Kongeko justiziak konstituzioaren aurkakotzat jo du gas maskarak eramatea debekatzen duen legea, baina, aldi berean, manifestariei euren burua identifikatzeko eskatzeko «eskubidea» onartu die segurtasun indarrei. Urriaren 5etik zen indarrean maskarak eramateko debekua.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.