Auziak

Jose Luis Bilbao: "Ez dut oroitzen"

Habidite auzian lekuko gisa deklaratu du Bizkaiko ahaldun nagusiak.

Bibao, Fernandez eta Ana Agirre orduko Ekonomia sailburua, 2006ko abenduan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 19a
14:01
Entzun

Jabyer Fernandez enpresaburuak Bizkaiko Aldundiaren aurkako salaketa jarri du, harekin zituen konpromisoak hautsi zituelako. Fernandezek uste du aldundiaren babesa galtzean Habidite enpresaren proiektuak porrot egin zuela.

Habiditerekin zuen kontratua zuzenean berak hautsi ote zuen galdetu diote gaur goizean Bilbaori, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. "Ez dut oroitzen; adinean aurrera noa, eta duela hamabi urte baino gehiago gertatu zen hori", erantzun dio Bilbaok Fernandezen abokatuari. Lekuko gisa egin du deklarazioa.

Aldundiak esan du 2006an Habiditerekin sinatutako akordioak hausteko erabakia gobernu kontseiluarena izan zela eta ez zituela erabaki guztiak berak pertsonalki hartzen. "Ez naiz Superman".

Fernandezek ia 31 milioi euroren kalte-ordaina eskatu dio Bizkaiko Aldundiari, ziurtatu baitu Bilbaoren gobernuak hautsi egin zuela Habiditerekin zuen tratua. Fernandezen abokatuak horrela azaldu du kalte-ordaina neurri horretakoa izatea: 8,9 milioi euro hasieran eginiko inbertsioaren kostuarengatik (Trapagaranen alokaturiko lantegia, 70 langile kontratatzea, lanaren lehen pausoak...); sei milioi euro Eusko Jaurlaritzak eman ez zituen laguntzengatik; 10,5 milioi Europako Batasunetik irits zitezkeen diru laguntzengatik; 3,3 milioi euro lortu gabeko irabaziengatik; eta 2,9 milioi kalte moralarengatik.

Porrotak eta zorrak

Auziak 2006an du iturburua. Fernandezen Afer enpresa taldeak Bilbaoren aldundiaren babesa jaso zuen Alonsotegin etxeak moduluetan eraiki behar zituen fabrika bat jartzeko, Habidite izenekoa. Aldundiak, Bizkailur sozietate publikoaren bitartez, zorua erosi behar zuen lantegia jartzeko, eta 1.500 etxeren enkargua egin behar zion, etxebizitza sozialak jartzeko. Proiektuak ez zuen aurrera egin, eta, gainera, Europako Batzordeak ebatzi zuen bi operazio horiek legez kanpoko laguntzak izan zitezkeela.

Habiditeren proiektuak ez ezik, Fernandezen beste negozioek ere porrot egin zuten, eta enpresaburuak «EAJren mendekuari» egotzi zion hondamena. Espetxetik atera zen iaz, Afer taldearen porrota nahita eragin zuelakoan. Zorrez leporaino atera ere, gaur egun hura baita Euskal Herriko ogasunen zordunik handiena: haren Lurbernor-ek 52,2 milioi zor zizkion iaz Bizkaiko Ogasunari, eta lau milioi Residere enpresak, eta hiru milioi, berriz, Fonortek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.