Lan harremanak

Elikadura industria eta merkataritzako ituna egin dute Gipuzkoan

ELAk ere sinatu du LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egindako akordiorako oinarria, eta 5.000 langile babestuko ditu 2021. urtera arte

LAB sindikatuko sektoreko arduradunak itunaren berri ematen. BERRIA
xabier martin
2019ko azaroaren 19a
17:15
Entzun

Negoziazio kolektiboak urrats handia egin du sektore handietan itunak egiteko zailtasun gehien islatzen dituen lurraldean: Gipuzkoan. Izan ere, lurralde horretako elikadura industria eta merkataritzako langileek badute hitzarmen baten babesa gaurdanik. 5.000 inguru dira, eta 2021. urte arteko indarraldia duen itunak finkatuko ditu aurrerantzean haien lan baldintzak, betiere enpresa itun batek ez baditu hobetzen dagoeneko, edo etorkizunean halako akordioren bat egiten ez badute.

«Industrian geroz eta emakume gehiago egon arren, bereziki merkataritzan daude emakume langile gehienak. Eta azken urteetan bereziki lanaldiaren antolaketaren alorretik iritsi da prekarizazio prozesua», esan du LAB sindikatuak, ituna azaltzeko agerraldian. Fokoa soldata baxuak eta kontratu partzialak dituzten langileengan jarri duela dio sindikatu abertzaleak, eta hitzarmen egin berriak «prekarizazio prozesuei frenoa jartzeko» balioko duela uste du.

Soldatari dagokionez, sektoreko langileek 2017ko eta 2018ko KPI kobratuko dute atzerapenetan, eta kontsolidatu egingo dute igoera hori. 2019, 2020 eta 2021 urteetarako, kategoria handienaren KPIa kategoria guztiei ordainduko zaie. «Modu horretan, behargin guztiei erosteko ahalmena bermatzeaz gain, kategoria baxuenak izango dira igoera handiena izango dutenak, dauden aldeak gehiago handitu ez daitezen», azaldu du LABek.

Lanaldiari dagokionez ere hobekuntzak jasotzen ditu akordioak, esanguratsuak batik bat lanaldi partziala duten langileentzat: «Hemendik aurrera, lanaldi partzialarekin ordu osagarriak egiten dituzten langileek aukera izango dute ordu horien %30 kontsolidatzeko urte amaieran. Modu horretan, merkataritzan modu kezkagarrian gertatzen den egoera bati frenoa jartzen hasiko gara eta langileei lanaldi osora iristeko aukerak irekitzen».

Kategoria apalena

Horrez gain, hitzarmen berriak bide bat ireki die langileei mozo kategoria apalenetik ateratzeko, asko baitira urte askoan mozo gisa egon direnak eta daudenak, maila igotzeko aukerarik gabe.  «Hiru urteko esperientzia egiaztatzen badu, mozo espezialistaren maila hartuko du langileak modu automatikoan», dio LABek; «orain arte, mozo kategorian ez dago inolako promozio automatikorik izan, eta, zoritxarrez, badira langileak kategoria horretan iltzatuta geratu direnak. Neurri horrek bide bat zabalduko die».

Horiek horrela, lan erreformaren aldagai kaltegarrienetako bat sektoreko hitzarmenetik kanpo utzi dute sindikatuek eta patronalak: enpresek ez dute izango gaitasunik lan ituna ez betetzeko nahi duten aldiro; hau da, erreformak jasotzen duen enpresen inaplikazio eskubidea baztertu egin du itunak. «Testu berri bat adostu dugu, orain artekoak bezala, lan erreformaren aurrean hitzarmena babestuko duena, eta beraz, langileen lan baldintzak ere bai», jakinarazi dute LABeko kideek. Berdintasun planak garatu eta praktikan jartzeko konpromisoak jaso ditu hitzarmenak, halaber. «Bereziki beharrezkoa ikusten dugun aldarria da, merkataritza oso feminizatua dagoelako».

Sektoreko hitzarmenari eustea «garaipen bat» dela uste du sindikatu abertzaleak. Bi urteko negoziaziotan «langileak antolatu eta kalera atera» direla esplikatu zuen. «Kotxe karabanak egin ditugu, elkarretaratzeak enpresa nagusien eta patronalaren aurrean; aurpegia zuritzeko erabiltzen dituzten lasterketetan izan gara, eta dendak pegatinaz eta kartelez josi ditugu. Langileen jarrera aktiboak ekarri gaitu gaurko egunera, eta lan baldintzak hobe ditzakegula erakutsi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.