Egoera ekonomikoa

Tapiak ez du baztertu Euskaltelen kontseilari bat edukitzea

Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak berretsi du konpainia laranjak «baldintza guztiak» betetzen dituela Jaurlaritza haren akziodun bilakatzeko Finkatuz funtsaren bidez

Arantxa Tapia artxiboko argazki batean. JONAS NOLDEN / EFE
xabier martin
2019ko azaroaren 20a
12:57
Entzun

«Enpresak dituen baldintzak eta dauden akziodunen itunak aintzat hartuta, Euskaltelen sustraitzea ez dago arriskuan, inolaz ere», esan du Tapiak Onda Vasca irratian. Hala ere, sailburuak argitu du Euskaltelek «baldintza guztiak» betetzen dituela gobernua akziodun gisa sar dadin Finkatuz funtsa baliatuta; baina, sartuko balitz, ez litzateke izango erreferentziazko akziodun gisa. Horrek ez du esan nahi, ordea, inbertsioa gauzatzen bada Jaurlaritzak kontseilari bat edukiko ez duenik konpainiaren barruan.

«Kotizatutako enpresa bati buruz ari garela jakin behar dugu, eta, beraz, iragarpenek, edozein albistek, arazoak edo hobekuntzak eragin ditzakete kotizazioan». Zuhurtzia eskatu arren, garbi utzi du Finkatuz funtsarentzat egoki izan daitekeen inbertsioa dela Euskaltel, «herriarentzat izaera estrategikoa duelako eta euskal industriaren trakzio egilea delako». Beraz, iragarri gabe, are gertuago utzi du Jaurlaritza Euskaltelen sartzeko aukera: «Parte hartze hori har genezake epe luze baterako«.

«Euskadin arraun egitera» deitu du

Egoera ekonomikoaz ere aritu da Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburua; krisi posible bati buruz, zuhurtzia eta lasaitasuna eskatu du: «Zenbaki negatiboei buruz» hitz egin beharko litzateke atzeraldian egoteko; «moteltzean ez, hazkunde negatiboan egon beharko genuke horretarako, geldialdi batean eta hiruhileko batzuetan segidan ekoizpena apaltzen». Baina egoera ez dela hori esplikatu du Tapia sailburuak, «ezta hurrik eman ere». «Badakigu ekonomia moteltzen ari dela, 2018an baino gutxiago hazten ari dela, eta 2017an baino gutxiago ere bai. Hala ere, Alemaniak ere izkin egin dio atzeraldi teknikoan erortzeari, eta hura da joerarik negatiboena erakusten ari zena».

Hori dela eta, esan du orain arte bezala «inbertsioak egiten jarraitu» behar dela, «teknologia guztiak garatuz eta pertsonak trebatuz, lasterketa gal ez dezagun». Adoretzeko hitzaldi moduko baten traza hartu dute adierazpenek: «Bizi garen ziurgabetasun garaiaz jabetu behar dugu, nazioartean hartutako erabaki geopolitikoen ondorioz». Donald Trump AEBetako presidenteak eragin duen gerra komertziala aipatu gabe, muga zergen aroari erreparatu dio. «Zuzenean eragiten ari da Euskadin, baina ezin gaituzte etsipenera eraman eta geldiarazi».

Ezkortasunaren gurpil ero batean ez sartzeko eskatu du Arantxa Tapiak. «Badakigu badirela zailtasunak, baina lanean jarraitu behar dugu,  euskaldunak arrakastatsu atera daitezen moteltzetik. Arraunean jarraitu behar dugu; are sendoago, zailtasunak daudenean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.