Ikus-entzunezkoak

Euskara jatorraren bolak 35 urte bete ditu

Gaurko euskaldun heldu askoren ezinbesteko heziketa tresna izan zen Dragoi Bola telesaila; besteak beste, euskara ikus-entzunezkoetan jaso eta jolas orduan natural erabiltzeko orduan.

Edu Lartzanguren.
2019ko azaroaren 21a
15:06
Entzun

Atzoko egunez, 1984. urtean, Japoniako Akira Toriyama marrazkilariak Doragon Boru izeneko manga komikia argitaratu zuen Shonen Jump aldizkarian. Horrekin hasi ziren Goku gerlariaren abenturak, Lurra inbaditu eta gizateria suntsitu nahi duten izakien defentsan.

Dragoi Bola ikusteak 1990eko hamarkadan hazitako belaunaldiko euskaldunengan izan zuen eragina nabarmendu zuen iaz Juan Luis Zabala idazleak, Euskara Batuaren 50. urteurrenaren harira idatzitako 'Batua plastikozkoa da' artikuluan.

Omenaldia egin zien Goku eta lagunei Mikel Alvarez telebista kritikari eta ikus-entzunezkoen ekoizleak, Larunbat goiza, errepikapenetan zutabean. «Askotan esan izan dut nire nerabetasunaren eraikuntzako bi zutabe nagusiak Dragoi Bola eta Geroh izan zirela».

Euskarazko telebistarekin hezi zela eta «asko ikasi» zuela idatzi zuen Miren Manias ikus-entzunezkoen ikertzaileak, Burbuilakzutabean. «Marka batekiko identifikazioa sentitzen nuen —Super Bat klubeko txartela eta Dragoi Bola-ko kromo bilduma urrea balira bezala gordeak dauzkat, pentsa—».

Fuji telebista 1986ko otsailean hasi zen ematen manga hartan oinarrituriko marrazki bizidunen telesaila, eta hiru urtez zabaldu zuen, 1989ko apirila arte. Japonian ibilbidea amaitu zuenean heldu zen Goku Euskal Herrira. 1989. urte hartako urriaren 4an estreinatu zuten ETB1en.

Son Gokuri ahotsa Seve Atenciak eta Joseba Etxebarriak jarri zioten hurrengo urteetan, Bulma pertsonaia egin zuten Mariasun Iturragoitiak eta Ana Lupe Fernandezek. Sailean bikoizle aritu ziren Patxi Ugalde, Mikel Martinez, Felix Arkarazo eta Joxe Felipe Auzmendi, besteak beste. Orain, euskarazko bikoizketaren arloa garai txarretan bizi da.

Izan ere, Dragoi Bola izan da aurten bikoizleen eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren arteko ika-mikaren mugarria. Urte hasieran estreinatu zuten Euskal Herriko zinemetan Dragoi Bola Super: Broly filma, eta ahotsaren aktoreek planto egin zuten. Bieuse Bikoizle Euskaldunen Elkarteak uko egin zion haurrentzako filmak bikoizten jarraitzeari, lan baldintzekin kexu. Urteotan euskal bikoizleen lana «erabat» prekarizatu dela salatu zuen elkarteak. Egoeraren inguruan, Mutualdiak esateko duenaerreportajea landu zuen Itziar Ugarte Irizar kazetariak BERRIAn.

Xabier Amurizak, euskaratzaile lanetan, eta bikoizle haiek Dragoi Bola egokitzean lortu zuten «gauzarik handiena» nabarmendu zuen Alvarezek: «Euskara jasoago bat lurrera jaitsi zuten, haurrek natural moduan barneratu zuten arte». Geroztik umezurtz sentitu zen kritikaria, Dragoi Bola-ren ostean, ez zuelako «intereseko ekoizpenik» aurkitu euskaraz. «Euskara berriz ere ikasketa eta lagun edo familiarteko hizkuntza soil bihurtu zen atzera».

35 urte bete ditu Dragoi Bola-k, baina boliek ez du aurrera egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.