INDARKERIA MATXISTA

Bikotekide ohiak bahitua zuen Iruñeko emakumezko bat askatu dute

Vinarosen (Valentzia) atzeman dituzte, eta gizonezkoa behin-behinean kartzelatu dute.

Indarkeria matxistaren aurkako elkarrearatze bat, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2019ko azaroaren 21a
19:33
Entzun

Sexu erasoa, legez kanpoko atxiloketa eta lesioak egotzita espetxeratu dute gizona, 30 urtekoa. Berri agentzien arabera, Vinarosko epaitegiak hartu du kartzelatzeko erabakia, baina, akusatua eta biktima Iruñekoak direnez, genero indarkeriaren aurkako kasuak eramaten dituen hango epaitegiak egingo du kasuaren instrukzioa.

Berri agentziek kaleratutako informazioek diotenez, gizonezkoak joan den azaroaren 9an bahitu zuen bikotekide ohia, hura lanera zihoala. Auto batera sarrarazi zuen, eta, mehatxupean, Valentziarantz eraman. Haren berri ez zuenez, andrazkoaren senar ohiak salaketa jarri zuen Espainiako Poliziaren komisaria batean, Iruñean.

Akusatutako gizona ohartu ez zen une batean, emakumezkoak senar ohiari deitu ahal izan zion. Polizia indarrek emakumezkoaren telefonoa hartua zutenez, berehala jakin ahal izan zuten deia nondik egin zuen, eta polizia operatiboa jarri zuten martxan. Hori argitaratu du El Mundo egunkariak. Kasuaren inguruko iturriak aipatuz kaleratu duenez, gizonezkoak jo eta bortxatu egin zuen bahituta eduki zuen bitartean.

Atxilotu bat Getxon

Getxon gizonezko bat atxilotu dute emaztea mehatxatzea leporatuta. Udaltzaingoaren oharraren arabera, liskar baten ondoren gizonezkoak labana handi batekin mehatxu egin dio, bien alabaren aurrean.

Indarkeria Matxistaren Aurkako eguna da datorren astelehenean, eta, Ez zaituztegu behar aske izateko lelopean, Bilgune Feministak kalera ateratzeko deia egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.