Ingurumena

Zubietako erraustegian zaborra erretzen hasiko dira, probetan, ostegunean

2020ko martxorako erabat martxan izatea espero dute, eta gaur, lehengoz, labeak berotu dituzte. «Zabortegien garaia» amaitzeko, astelehenean Mutiloakoa itxiko dute.

Irati Urdalleta Lete.
2019ko azaroaren 22a
22:21
Entzun

Amaitu dira Zubietako erraustegiko obrak, eta martxan jartzeko prest dago. Jadanik bi gune beren gaitasunaren %85ean funtzionatzen ari dira, baina hirugarrena falta da: Gipuzkoako zaborrak erreko dituzten bi labeak. Gaur hasi ziren lehengoz horiek berotzen, eta datorren ostegunetik aurrera probekin hasiko dira. Martxorako %100ean funtzionatzen egotea espero dute, eta, bitartean, zaborra Bizkaira eramango dute, datorren astean Mutiloako (Gipuzkoa) zabortegia itxi egingo dutelako.

Hainbat fase igaroko ditu zaborrak erre aurretik: lehenengo, birziklatzeko modukoak diren hondakinak banatu egingo dituzte (plastikoak, papera, kartoia, burdin metalak eta burdinarik gabeko metalak) tratamendu mekaniko biologikoko (TMB) plantan. Gainontzekoak lehortzen utziko dituzte, biolehortze gunean. Han, hamabost eta hogei egun artean egongo dira, ustel daitezen. Azkenik, erraustegira pasatuko dituzte, eta han dauden bi labeen bidez erre egingo dira.

Kazetarientzako bisita antolatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK). Hantxe izan dira Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua eta GHK-ko presidentea eta Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburua ere. Asensio oso baikor agertu da: «Oso albiste ona da Gipuzkoan zabortegien garaia ixtea. Klima aldaketari aurre egiteko ere ona izango da, zabortegiek metanoa botatzen baitute». Arriolak ere ildo beretik hitz egin du: «Gipuzkoako Ingurumen Guneak arazo historiko bat konpontzen du». Hala ere, birziklapena handitzeko beharrari ere egin dio erreferentzia: «Gaur egun gipuzkoarren birziklapen tasa %57 da, eta gure helburua %75era iristea da».

162.000 tonarentzako gaitasuna

Arriolaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sei milioi tona zabor sortzen dira urtero. Zubietako TMB plantak, berriz, 162.000 tonarentzako gaitasuna dauka, eta gipuzkoarrek sortutako 135.000 tona errefus kudeatuko ditu. Bertan banatuko dira birzikla daitezkeen material batzuk, guztiaren %8 eta %10 artean. Gainerakoak biolehortzegunera eramango dira, eta bertan hamabost eta hogei egun artean lehortzen edukita, pisuaren %25 murriztuko dietela azaldu zuten. Hondakinen pisua eta tamaina jaitsita, erraustegiaren lana eraginkorragoa izango dela uste dute.

Horrez gain, ziurtatu dute erraustegia abian jartzen denean, urtero 160.000 MWh sortuko dituela, 45.000 etxebizitza hornitzeko adina energia elektriko, eta 130.000 pertsonaren beharrak asebetetzeko lain.

Obren atzerapenari buruz ere mintzatu dira. Izan ere, erraustegia hasieran espero zutena baino lau hilabete geroago jarriko dute martxan, transformadore baten matxuraren ondorioz. Asensiok aitortu du arazo batzuk egon direla, eta horiek eragin duela atzerapena. Hala ere, atzerapena txikia iruditzen zaio. «Obra publiko gutxi daude hain atzerapen txikiarekin. Garrantzitsuena gauzak ondo egitea da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.