Azken kontzertuaren kronika

Elkarrekin sentitzeko eskuak

Berri Txarrak taldeak azken kontzertua eman du. 11.000 jarraitzaile hunkitu ditu Nafarroa Arenan, bigarren egunez jarraian aretoa beteta. Taldea sortu zuten musikariak ere igo dira oholtzara, bi abesti jotzeko.

jarraia174214.jpg
Iñaki Lasa Etura.
2019ko azaroaren 24a
11:05
Entzun

Berri Txarrak sentimendu bat da. Esaldi horrekin laburbildu zuen Gorka Urbizuk taldearen mende laurdeneko ibilbidea oholtza gainetik, eta Nafarroa Arenan bildu ziren 11.000tik gora jarraitzailek bizi zutenari hitzak jarri, bidenabar. "Ikusi arte" esan du euskaldun askoren bizitzako soinu banda den taldeak. Etenaldi mugagabe bat hasi dute euskal kulturaren hiru iruleek, Iruñeko agur kontzertu gogoangarria eman ostean. Baina haria ez da etengo, betiko iraungo dute haien abestiek zaleen artean.

Musika besterik ez da, zioen Berri Txarrak-ek 2020an argitaratuko duen Ildoa filma aurkezteko iragarkiak —kontzertua hasi aurretik ikusarazi zuten iragarkia, pantailetan—. Baina oker dira, musikaz harago doa larunbatekoa. Zerbait gehiago izan zen. 11.000 lagun elkarrekin sentitzen. Edota, akaso, musika da gauza ez-garrantzitsuen artean garrantzitsuena, Jorge Valdanok futbolari buruz esan zuen esaldi ospetsua apur bat moldatuta. Han ziren ia guziek orain dela urtebete baino gehiago erosi zituzten sarrerak, eta eztarrian korapilo bat zutela igaro dute denbora hori. Jakin baitakite hutsunea sentituko dutela.

Emozioz beteriko gaua espero zen, eta hala izan zen. Ostiralean bezainbeste jarraitzaile bildu ziren, baina bestelako giroa arnas zitekeen Nafarroa Arenan. Azken aurreko kontzertuan baino zerbait gehiago. Lehenago bete zituzten harmailak zaleek, azkarrago kokatu ziren pistako lehen ilaretan. Leihotikan, azken kontzertuko talde gonbidatua, oholtza gainera igo zenerako, erabat betea zegoen ingurua. Hastapenetik hamaika aldiz elkarrekin jo ostean, Berri Txarrak-ek talde hori aukeratu zuen azken gonbidatu gisa. “Ohore ikaragarria” eta “sekulako oparia” zela aitortu zuen Iruñeko rock taldeak. 22:30ean, puntual, azaldu ziren oholtzaren gainean Gorka Urbizu, Galder Izagirre eta David Gonzalez, eta Eskuak abestiaren lehen akordeek argi utzi zuten emozioaren bidea hartuko zuela gauak. Jarraitzaileek besoak altxa zituzten, mezu hilak idazteko, elkarrekin sentitzeko, arriskua txalotzeko eta mundu hau jorratzeko. Gelaneuria-k ekarri zuen eromena jarraian, lehen oihu, salto eta besarkadak. Betiko zirudien, betirako amaitu da. Ez dut nahi abestiko doinuak zale guztien ahoan egon ziren. “Ez dut nahi bertan egon”. Esnatuz gero, Berri Txarrak-en agurra amesgaizto bat besterik ez zela izango espero balute bezala.

Uneaz gozatzen

Izan ere, emozio dantza zoro batean murgildu zen jendea hiru orduz; uneaz gozatuz, baina azkenekoz disfrutatuko zutela jakinda. Erokeriaren bat, inozokeriaren bat egitea pentsatu zuten; zoriontsu izan, edo halako zer edo zer. Ez naiz aldatuko (esan zuen kameleoiak), alegia. Taldearen lelo nagusienetako baten izena daraman abestiak, Jaio.Musika.Hil-ek, harrera beroa izan zuen. Baita Infrasoinuak eta Izena.izana.ezina-k ere. Horren konplikatua eta sinplea da; Berri Txarrak-en ibilbide hasierako zein amaierako abestiek jaso dute zaleen onespena. Maketa bat, bederatzi disko, bilduma bat eta dokumental bat ondu dituzte mende laurdenean, eta aurki argazki liburu bat eta beste film bat iritsiko dira.

Ostiraleko kontzertuan Payola diskoko bi abesti jo ostean, presentzia handiago izan zuen larunbatean. Spoiler!-en ostean Folklore eta Gure dekadentziaren onenean kateatu zituzten. Gutxik jartzen dute zalantzan Berri Txarrak-ek bizi duen unerik gorenean esan duela agur, arrakastari dagokionez bederen. BEC erakustazoka mukuru beteta, Kobetamendi euskal musikaren aldeko jaialdi bihurtuta, sarrera guztiak salduta eta Nafarroa Arenan 22.000 pertsona bilduta, euskarazko sorkuntzaren alde. Eta galdetuko dute Zertarako amestu?

Berba eta irudia, Gezur bat mila aldiz, Libre... Berdin zion zein zen kantua, erantzuna berbera zen: zaleen beroa. Boliviako eta Txileko egoera politikoaren aurka helduleku bila altxatu diren herritarrei eskaini zien Urbizuk Helduleku guztiak dotorea. Abeslariak Denbora da poligrafo bakarra erabili zuen gogorarazteko pasioa dela “exijitzea zilegi den gutxieneko hori”. 25 urteetako leitmotiv argia.

Jainko Ateoa, Bueltatzen, Aita Mari ontzikoei omentzeko baliatutako Zuri... Musikak ez zuen etenik, lehenago edo geroago etenak iritsi behar bazuen ere. Ostiralean bezala, Riki Riki jo zuten, Irrien Lagunen eta adierazpen askatasunaren alde. Sudur gorridun pailazoen alde eta “gorbatadun pailazoen” aurka. Haiei eskaini zieten Zirkua. Erreskan iritsi ziren Biziraun, Zerbait asmatuko dugu, Hitzen oinarri ahula, Zaldi zauritua, Oreka Toro abestiaren bertsioa tartean—, Isiltzen banaiz eta Iraila. Konfeti andana askatuta biribildu zuten ospakizun kolektibo horren lehen zatia.

Hasierako taldekideekin batera

Atseden labur baten ostean, indartsu eta gogor itzuli ziren, 1994tik zuzenean berreskuratutako Tortura nonnahi abesti gogoratuarekin. Betiko leloaren betiko leloa-k zaleei barruan min egin zien esaldi bat zeraman gordea: “Honek ez du atzera-bueltarik”. Sols el poble salva al poble eta Min hau kantuek itxi zuten errepikaren lehen zati hori.

Urbizu soilik agertu zen gero oholtzan. Payola diskoko abestirik onenetako bat da Maravillas, eta emozio handiagoa du Urbizuk bakarka jotzen duenean. 11.000 eztarriren laguntza bakarka jotzea bada, noski. Une emotiborik egongo ez zela zirudienean, “aspaldiko lagunak” igo ziren oholtzara: Aitor Goikoetxea, Aitor Oreja eta Mikel Lopez Rubio. Berri Txarrak-en kide originalak, alegia. Eromena sortu zuen horrek, are gehiago laukotea Stereo jotzen hasi zenean. Denboran atzera egin zuten zaleek, 2001. urtera “Nafarroa Garaiko presidente jauna!” garrasika kantatzeko. Ez zen elkarrekin jo zuten abesti bakarra izan, Ikasten ere Goikoetxearekin, Orejarekin eta Rubiorekin jo baitzuen Urbizuk.

Iristear zen amaiera, eta mezu bat igorri zuen abeslariak: “Euskaldunok beti gaude azken pospoloa pizteko prest, leiho berriak irekitzeko prest”. Agurreko azken pospoloa Katedral bat eta, nola ez, Oihu izan ziren. Azkenaren azkena. Berri Txarrak-en agur gisa ulertutako munduaren amaiera. Orduan iritsi ziren besarkadak, negarrak, irriak eta txaloak. 25 urtez zaleei eman dieten guztia bueltatu nahi zioten jarraitzaileek taldeari, txalo sorta amaigabean. Jaio.Musika.Hil, eta aurrera egin.

Ez dadila haria eten

Kito. Amaitu da Berri Txarrak-en aroa. Mende laurdenaren ostean, merezitako atsedena hartuko du Gorka Urbizuk zuzendutako taldeak. Etenaldi mugagabea. Baina haria ez da etengo; irule andana ditu euskal musikak, zorionez. Garai batean Ez Dok Amairuren zilbor hestetik askatu zen euskal musika, hegal egin zuten Itoizen doinuek, dantzatu zen Kortaturen azken guda dantza, Sorotan Beleren marinelaren zain daude oraindik zaleak, Hertzainak-en Aitormena bizi-bizi bueltatu da 2019an, eta Dut-en korapiloa askatzen jarraitzen dute askok. Sortuko dira besteak. Sortu dira. Atik Zra, Anaritik, Zea Maysera.

Urbizuk Kobetamendiko kontzertu gogoangarrian esan bezala: “bihar, ensaio”. Gitarra astinduz, barruan ea kanturik dagoen dabiltza hamaika musikari. Eta ea entzulerik dagoen. 22.000tik gora bildu zituen Berri Txarrak-ek asteburu bakarrean. Egon, badaude, behintzat. Ez dadila hari hori eten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.