Hong Kong

Oposizioak irabazi ditu Hong Kongeko barrutietako bozak

Eskualdeko 18 barrutietatik 17tan nagusitu dira demokraziaren aldeko mugimenduetako hautagaiak. Carrie Lam gobernuburuak esan du herritarren erantzuna "aintzat" hartuko dutela.

Gazteak demokraziaren aldeko hautagaien garaipena ospatzen. CHAN CHEUNK FAI, EFE
2019ko azaroaren 25a
10:58
Entzun

Garaipenak herritarren haserrea islatzeko balio izan du. Hong Kongeko 18 barrutitatik 17tan nagusitu dira demokraziaren aldeko hautagaiak. Praktikan, ordea, horiek barrutietako ordezkariek ez dute erabakimen politiko handirik, baina badira, bestalde, Hong Kongeko gobernuburua hautatzen duten 1.200 ordezkariko batzordeko kide. Hala, asteburuko bozen ostean, demokraziaren aldeko ordezkaritzak pisu handiagoa izango du erabaki horretan.

Carrie Lam gobernuburuak porrota aitortzea beste aukerarik ez du izan. "Askok uste dute emaitzek jendearen haserrea islatzen dutela; beraz, hori aintzat hartuko dugu", esan du.

Kolpe gogorra izan da Txinaren aldekoentzat; izan ere, esperantza zuten "gutxiengo isilak" babesa emango ziela. Aurkakoa gertatu da, baina: parte hartzea azken urteetako handiena izan da, %71, eta gehiengo zabal batek egungo gobernuaren aurka bozkatu du. Ondorioz, Lamen gertuko hautagai gehienek eserlekuak galdu dituzte.

Manifestarien itxaropena da gobernuak urratsak egingo dituela emaitzen ostean, eta euren eskariak beteko. Pekinek, baina, ez du jarrera aldatzeko asmorik: Txinako Atzerri ministro Wang Yik berretsi du bertan behera utziko dutela "Hong Kong nahasteko edo haren egonkortasunari kalte egiteko edozein saio". Era berean, komunikabide nagusiek mendebaldearen esku hartzeari egotzi diote oposizioaren garaipena.

Hong Kong Erresuma Batuaren kolonia izan zen garai batean, eta Txinaren menpe dago egun, nahiz eta beste lurralde batzuek baino autonomia gehiago izan. Haren estatus berezia 2047an amaituko da, eta askok uste dute egun dituzten askatasunak amaitu egingo direla orduan. Protestak ekainean hasi ziren, atxilotuak Txinara estraditatzeko modua ematen duen lege bat onartu zutenean.

Protestak baretze aldera, Hong Kongeko Gobernuak atzera bota zuen legea, baina ordurako manifestazioak oso zabalduak zeuden, eta bestelako eskariak zituzten. Bi dira protestak bultzatzen ari direnen eskari nagusiak: poliziaren indarkeria kasuak ikertzea eta "hauteskunde askeak" egitea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.