Espainia - Katalunia

ERCk berretsi du negoziazio mahaia osatzea dela inbestiduran abstenitzeko baldintza

Esquerrako militanteek gaur bozkatuko dute zer egin inbestiduran. Haien erabakia, hala ere, ez da loteslea, eta alderdiko zuzendaritzak izango du azken hitza.

Gabriel Rufian ERCk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea, Oriol Junquerasen irudi baten aldamenean. ANDREU DALMAU, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko azaroaren 25a
14:25
Entzun

ERCko idazkari nagusiak, Oriol Junquerasek, ohartarazi du egungo egoeran bere alderdiak Pedro Sanchezen inbestiduraren aurka bozkatuko lukeela. Jarrera aldatzeko aukerari buruz galdetuta, baina, argi utzi du elkarrizketa mahai bat osatzeko konpromisoa litzatekeela modu bakarra. Junquerasek Lledonerseko espetxetik egin ditu adierazpenok. 

"Uztailetik asko aldatu da egoera, eta orain argi dago gure botoa ezezkoa izango dela, baldin eta elkarrizketa mahai baterako akordiorik ez badago. Soilik konpromiso bat balego aldatuko genuke gure jarrera", berretsi du Junquerasek. Aurrez, asteburuan, antzeko adierazpenak egin ditu Pere Aragones Generalitateko presidenteordeak ere, ohartaraziz "gobernuen arteko elkarrizketak" behar direla gatazka konpontzeko.

Sanchezek ERCren beharra du, urtea amaitu baino lehen presidente izenda dezaten nahi badu. Zenbait komunikabidek iragarri dutenez, haren asmoa litzateke abenduaren 16an eta 17an egitea inbestidurari buruzko eztabaida, eta lehen bozketa. Lehen aldian aurrera egiteko, ordea, hautagai sozialistak gehiengo osoa beharko luke, eta, hori ezinezkoa duenez, bigarren bozketa abenduaren 19an egingo litzateke.

Urtea amaitu baino lehen gobernua osatzeko, ordea, Sanchezek babesak behar ditu, eta horretarako baldintza argia jarri dio Esquerrak: instituzio arteko elkarrizketa mahaia osatzea, eta ez, sozialistek hasieran zabaldu bezala, alderdien artekoa. Hain zuzen, galdera horixe da militanteek gaur erantzun behar dutena ere: Ados al zaude Sanchezen inbestiduraren aurka bozkatzearekin aurrez Estatuarekiko gatazka elkarrizketa bidez konpontzeko akordiorik ez balego?.

Goizeko bederatzietan puntuan zabaldu zituzten hautetsontziak militanteentzat, eta Sergi Sabria alderdiak Kataluniako Parlamentuan duen taldeko burua izan da bozkatzen lehenengoetarikoa: "Spain, sit and talk bozkatu dut —Espainia, eseri eta hitz egin—. Baiezkoa bozkatu dut, autodeterminazioari, eskubideei, askatasunei, amnistiari eta Kataluniako Errepublikari".

ERCko bozeramaile Marta Vilaltak Sabriaren hitzak berretsi ditu, eta alderdiaren abstentziorako baldintzak aletu ditu: berdinen arteko elkarrizketa izatea, alegia, gobernuen artekoa; mugarik gabekoa izatea, eta autodeterminazio eskubidea eta amnistia defendatu ahal izatea; egutegi argi bat zehaztea; eta akordio guztiak beteko diren bermeak edukitzea.

Vilaltak nabarmendu du gatazka konpontzeko aukera bat dela hau: "Ez gara inuzenteak, baina arduratsuak gara. Prest gaude negoziazio mahai batean esertzeko. Pilota PSOEren teilatuan dago; mugitzen ez bada, akordioak ez dira posible izango".

ERCren asmoa zera litzateke: sozialistek konpromisoa lortuta, bi alderdien artean adostea elkarrizketa mahaian eztabaidatu beharreko puntuak, eta, inbestiduraren ostean, haste bi gobernuen arteko bilerak. Zenbait iturrik dagoeneko aurreratu dute nortzuk izango liratekeen bi alderdietako ordezkariak ere: ERCtik, Gabriel Rufian Kongresuko eleduna, Vilalta bera eta Josep Maria Jove Kontseilu Nazionaleko burua; eta PSOEtik, Adriana Lastra Parlamentuko eleduna eta Salvador Illa, PSCko Antolaketa idazkaria.

Puigdemont eta nazioarteko bitartekaria

Laura Borras Junts per Catalunyako eledun eta Espainiako Kongresuko diputatua kritiko agertu da Sanchezen orain arteko jarrerarekin, gogorarazi dio oraindik ez dela eurekin kontaktuan jarri inbestiduran zer jarrera hartuko luketen jakiteko. "Itzalita edo estaldurarik gabe daude, edo koma amaigabean. Ez dute keinurik egin, Ez dute nahiko guk inor inbestitzerik".

Borrasek argi utzi du, hala ere, ERCk bezala, haiek ere baldintzak jarriko dizkiotela abstentzioari. Horietako bat litzateke elkarrizketa mahaia osatzea, eta, Quim Torra ez ezik, Carles Puigdemont ere Generalitateko ordezkaritzako kide izatea: "Espetxeratuak eta erbesteratuak ere eragile politikoak dira, eta hori bera onartu behar du Madrilek". Horrez gain, baina, nazioarteko begirale baten parte hartzea ere eskatu du alderdiak.

Borrasek ohartarazi du elkarrizketa mahaiak "baldintzarik gabea" izan behar duela —alegia, autodeterminazioaren auziaz ere hitz egin beharko litzatekeela— eta berdinen artekoa. Madrilek, baina, oraingoz ez dio baiezkorik esan baldintza horri.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.