Albania

Gutxienez hamabost lagun hil eta ehunka zauritu dira Albanian, lurrikara baten eraginez

Bi erreplika izan ditu, eta desagertu ugari daude eraikinen azpian.

Lurrikarak eragindako kalteak, Thumanen. MALTON DIBRA / EFE
Iosu Alberdi.
2019ko azaroaren 26a
16:26
Entzun

Richter eskalan 6,4 graduko indarra izan duen lurrikara batek kalte larriak eragin ditu Albanian. Gutxienez hamabost pertsona hil dira, eta 600 zauritu; desagertu ugari daude, erori diren eraikinen azpian harrapatuta. Lurrikararen epizentroa Shijak hiritik hamar kilometrora kokatu dute, Itsaso Adriatikoan, hamar kilometroko sakoneran; Tirana hiriburutik 34 kilometrora dago hori, ipar mendebalderantz. Sarajevon (Bosnia eta Herzegovinan, 400 kilometrora) eta Novi Saden (Serbian, 700 kilometrora) ere sentitu da mugimendua. Lehenaren ostean, beste bi erreplika izan ditu, 5,3 eta 5,1 mailakoak.

Euskal Herriko 04:00ak aldera gertatu da ezbeharra, eta ehunka lagun zauritu dira, herrialdeko hedabideen arabera. Eraikin ugari erori dira; esaterako, bost pisuko bat Durres hirian. Tiranara ere iritsi da dardara, eta kalte larriak eragin ditu.

Eraikinen azpian harrapatuta hil dira zortzi lagun, Durres, Kurbin eta Thumane hirietan. Azkena eraikin batetik erori ostean hil da. Erreplikak ere hamar kilometroko sakoneran dute jatorria. Lehenak, Vore hiritik bederatzi kilometrora, eta bigarrenak, Shikaketik seira. Inguru horietan ari dira gehienbat lanean salbamendu taldeak, eraikinen azpian harrapatuta geratu diren pertsonak ateratzen. Oraingoz, 30 lagunetik gora erreskatatu dituzte. Albaniako Gobernuaren arabera, seiehun lagunek jaso dute laguntza ospitaleetan, zauriengatik. Horietatik hiru larri daude.

Albanian oraintsu izan dituzte beste bi lurrikara. Irailaren 21ean, 11 minutuko aldearekin gertatutako bi dardarak 68 zauritu utzi zituzten, eta kalteak eragin bostehun eraikinetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.