Enpresak

Siemens eta Iberdrola epaitegietara iritsi dira Gamesaren errotzeagatik

Gatazka judiziala aurrera doa, eta Alemaniako konpainiak martxan du operazio bat, Iberdrolak Siemens Gamesan duen %8a erosteko

Siemens Gamesaren akziodunen batzarra, martxoan. LUIS TEJIDO /EFE
xabier martin
2019ko azaroaren 26a
11:07
Entzun

Siemens Energy sozietate berria luze gabe burtsaratzeko planak aurrera doaz Siemensen Berlingo egoitza nagusian, baina Iberdrolak Siemens Gamesan duen parte hartze mugatua (%8) harri txiki bat bihurtu den Alemaniako erraldoiaren zapatan. Atzo, Bilboko epaitegi batean izan ziren konpainia bien ordezkariak, Iberdrolak Siemens Gamesaren aurka jarritako salaketen harira. Atariko saioaren ondoren, Marcus Tacke konpainiako kontseilari ordezkariak lekuko gisa deklaratu beharko du epaitegi berean, urtarrilaren 21ean. Azaldu beharko du arauzkoa dela Siemensek Gamesarekin egindako fusioak sortu zuen konpainian duen %59a Siemens Energy sozietate berrira eramatea.

Iberdrolak uste du bere interesen aurkakoa dela Siemensek bere energia negozio osoa —baita Siemens Gamesan duen %59— Siemens Energyra eramatea; aldaketa sozietarioak Gamesaren kontratuei eragingo ote dien beldur da. Ezin da ahaztu Siemens Gamesaren lehen bezeroa Iberdrola bera dela, atzo konpainiaren abokatuak gogorarazi zuenez. Siemens Gamesaren sei kontseilarik Siemensekin lotura zuzena dutela dio Bilboko konpainiak, eta interesen inguruko gatazka bat dagoela.

Iberdrolaren mesfidantza

Gamesa eta Siemens batu zirenetik, Iberdrola oso adi egon da bere parte hartzea babesteko; fusio horrek kalte ekonomikoak ekarriko ote dizkion beldur egon da beti. Bere %8ak ez dio gaitasunik ematen konpainiaren leman eragiteko, baina, enpresaren euskal sustraien aitzakian, presio handia egin du, baita Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullurekin bilera bat eginda ere, gaiaz propio hitz egiteko.

Are, epaitegiraino eraman du oposizioa, eta egoera horretan zabaldu zen herenegun Siemensek martxan duela Iberdrolaren %8a erosteko operazioa. Ignacio Sanchez Galanen konpainiak ez du adierazpenik egin aukera horri buruz, ezta Siemensek ere, baina balizko salmentak oinarria izango luke burtsan eragin duen akzioaren igoera kontuan hartuta. Albistea ezagutu, eta %8,5 igo ziren herenegun Siemens Gamesaren akzioak. Atzo, %0,6ko positiboari eutsi zion.

Jaurlaritzak ere Iberdrolaren parte hartzea Siemensen esku geratzeko aukerari buruz hitz egin behar izan du. Josu Erkoreka bozeramaileak «erabateko errespetua» agertu zuen atzo konpainian gerta daitekeenaren aurrean. «Erabaki pribatuak» direla erantsi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.