AEB-ak

Trump prest agertu da Mexikoko droga kartelak 'talde terrorista' izendatzeko

Buruzagi estatubatuarrak urrunago ere jo du, eta «laguntza militarra» ere emango dio Mexikori. Hark ohartarazi du ez duela onartuko bere subiranotasuna urratzerik.

Donald Trump, Sunrisen, AEBetan, presidentetzarako bozetarako kanpainan. CRISTOBAL HERRERA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko azaroaren 27a
11:29
Entzun

Oraingoz hitzak baino ez dira, baina presidentetzarako bozen kanpaina betean egonik, eta migratzaileei buruzko eztabaida mahai gainean, ondorio larriak izan ditzakete Donald Trumpen asmoek. AEBetako estatuburuak familia mormoi baten aurkako erasoa hartu du aitzakiatzat iragartzeko prest legokeela Mexikoko droga trafikatzaileak terroristatzat jotzeko. 

Joan den azaroaren 4an, AEBetako eta Mexikoko naziotasuna zuten familia bateko hiru emakume eta sei adingabe hil zituzten, eta hilketak droga kartelekin lotu dituzte. Iturri ofizialen arabera, narkotrafikatzaileek kontrolaturiko eremu batetik igarotzen ari zirenean hil zituzten.

Gertatuak hautsak harrotu ditu AEBetan, eta, kazetarien galderei erantzunez, Trumpek iragarri du hasia dela lanean narkotrafikatzaileak terrorista izenda ditzaten. "Egingo dugu. Horretan aritu naiz lanean azken 90 egunean. Izendapena ez da erraza, eta prozesu bat behar du, baina horretan ari gara". Horretaz gain, baina, buruzagi kontserbadoreak jakinarazi du «laguntza militarra» ere eskaini diola Mexikori, «haiek garbitzeko», baina hark ez duela onartu.

Mexikok, bestalde, errespetua eskatu die AEBei, eta ohartarazi die ez duela onartuko bere subiranotasuna onartzerik. «Errespetua oinarrizkoa da elkarlanerako», nabarmendu du Marcelo Ebrard Atzerri ministroak. Gogora ekarri du AEBetatik heltzen direla gerora narkotrafikatzaileek erabiltzen dituzten dirua eta armak.

Karteletako kideak terroristatzat jotzeak ondorioak izango lituzke, haientzat ez ezik, baita migratzaileentzat ere. Izan ere, droga trafikoan aritzen diren susmopean egonez gero, ezinezkoa lukete AEBetan sartzea, eta legez kontrakoa litzateke banako estatubatuar edo erakundeentzat haiei laguntzea. Horrez gain, AEBetan egonik kartel bateko kide izateaz akusatua izanez gero, kanporatu egingo lituzkete.

Aurreko «elkarlanak»

Oraingoan Andres Manuel Lopez Obradorrek Trumpen eskaintzari ezezkoa eman badio ere, aurrez bi estatuek hitzartu dute akordiorik droga trafikoari aurre egiteko argudioarekin. 2007an, George W. Bush eta Felipe Calderonek hitzartutako Merida egitasmoa izan zen azkena. Egun oraindik indarrean dago akordio hori, eta, haren arabera, AEBek teknologia, armak, diru laguntza eta trebakuntza eskaintzen dizkiete Mexikoko segurtasun indarrei droga kartelen aurka egiteko.

Lopez Obradorrek, baina, laguntza hori beste helburu batzuetara bideratzeko asmoa iragarri zuen joan den uda hasieran. «AEBen laguntza behar dugu, baina helburu sozialetarako eta lanpostuak sortzeko. Ez ditugu metrailetaz betetako helikopteroak eta baliabide militarrak nahi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.