En Tol Sarmiento taldeak disko berria kaleratu du

Aukera berriak deitu du taldeak bere azken diskoa. Hainbat erritmo berri landu dituzte: ska, rumba eta pop-a, besteak beste.

Aukera berriak deitu du bere disko berria En Tol Sarminetok talde arabarrak. LUIS JAUREGIALTZO
2019ko azaroaren 27a
22:43
Entzun

En Tol Sarmiento (ETS) taldeak zortzi abesti landu ditu Aukera berriak diskoan. Ametsetan grabatu eta gero, bi urte aritu dira azken lan hau egiten, eta gaur aurkeztu dute, Bilboko Kafe Antzokian. Erritmo berriak landu dituztela azaldu du Iñigo Etxezarretak, taldeko ahots eta gitarra jotzaileak: “Krisi moduko bat pasatu nuen azken diskoarekin, beti estilo bera jorratzen genuelako. Baina orain ez dut beldurrik eduki, adibidez, runba sartzeko abestiren batean”. Horregatik, aurreko diskoetako ska estiloa mantenduz runba, pop-a eta elektronika erritmoak ere sartu dituzte.

Bide berri bat aukeratu duela azaldu du Etxezarretak; bere ohiko lana alde batera utzi, eta musika sortzeari eskaini dio denbora guztia. “Aurreko lana aurkeztu genuenean, esan genuen denbora behar genuela. Ez genekien taldearekin zer egin, eta bizipoza berreskuratzeko prozesu bat hastea erabaki geunen”. Erabaki horietako bat izan zen ekoizpen etxe batekin lan egitea. Erabakia hartu eta bi astera, Pello Reparazek haien proiektuaren gaineko interesa adierazi zuen, eta lanean hasi ziren disko berriarekin. Baga-biga diskoetxearekin kaleratu dute, aurreko lanak bezala.

2008an hasi ziren musikaren munduan, eta egun arte elkarrekin jarraitzen dute Etxezarreta, Ruben Campinun, Floren Diaz, Ruben Terreros eta Javier Lucas taldekideek. Produkzioan eta arlo teknikoan aurrerapauso handiak eman nahi izan dituztela azaldu du Etxezarretak: “Barrutik taldea profesionalizatu dugu. Gainera, talde patxangero hori alde batera utzi nahi izan dugu, musika serioago bat egiteko. Halere, ezin dugu ahaztu nondik gatozen, eta taldearen osotasuna eta freskura hori mantendu nahi izan dugu”.

Haien asmoak azaleratzen dira diskoaren izenean. Garai honetan egin duten salto kualitatiboa nabarmendu nahi dute horrekin, eta beste erritmo eta musika egiteko moduei atea zabaldu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.