Irak

Hogeita hamalau manifestari hil dituzte militarrek Iraken

Armadak «larrialdiko unitate bat» sortu du azken asteetako protestak amaitu eta «ordena» bermatzeko.

Iranek Najafen duen kontsuletxeari su eman zioten manifestariek asteazkenean. ALI AL-MUMEN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko azaroaren 28a
19:26
Entzun

Bada urtebete Abdul Mahdik lehen ministro kargua hartu zuela, eta erreformak iragarri zituela. Joan den urrian, ordea, herritarrak, zain egoteaz aspertuta, kalera irten ziren. Langabezia altua, ustelkeria eta zerbitzurik eza ziren euren kexu nagusiak. Sei egun iraun zuten protestak 149 hildakorekin amaitu ziren, armadak manifestarien aurka jo ostean.

Egoera baretze aldera, lehen ministroak gobernuan aldaketak iragarri zituen eta baita goi kargudunen soldatak jaistea ere. Horrekin behin- behinean lasaitu zen egoera, urri amaiera arte. Orduan berriz ere protestak lehertu ziren lehen ministroaren aurka. Barham Saleh presidentea prest agertu zen lehen ministroa kargutik kentzeko, alderdiek auren ordezkoa izendatuz gero.

Bi aste igaro dira, ordea, eta egoerak bere horretan jarraitzen du. Armadak Nasiriyan bi zubi blokeatzen ari ziren manifestarien aurka jo du eta 30 pertsona hil ditu eta beste 180 zauritu, Giza Eskubideen Irakeko Behatokiak azaldu duenez. Bagdaden, beste lau manifestari hil dituzte militarrek. Horrez gain, jakinarazi du «krisi taldeak» sortu dituztela, «protestak amaitzeko».

Armadak «larrialdiko unitate bat» ere sortu du «segurtasuna ezarri eta ordena berreskuratzeko». Iturri ofizialen arabera, lehen ministroaren aginduz hainbat buru militar izendatu dituzte gobernadoreei «euren lanean laguntzeko».

Irango enbaxadaren aurka

Irakeko Gobernuaren aurka ez ezik, manifestariek Iranen aurka ere egin dute. Oposizioak leporatzen dio Teherango exekutiboari Iraken barne auzietan esku-hartzea. Askok uste dute auzoko estatuaren eragina handitu egin dela herrialdean AEBen aurkako 2003ko gerraz geroztik.

Asteazkenean hainbat lagunek su eman zioten Iranek Najafen duen kontsuletxeari. Langileek azken unean eraikinetik irtetea lortu zuten, kanpoan bildutakoek «Iran Iraketik kanpora» oihukatzen zuten bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.