Euskal Produktuak

Baserri txikien defentsa

Esne ekoizle handiek bereganatu dute merkatua, eta ekoizle txikien egoera larria da.  Baserri txikiak ez desagertzeko sortu zen Euskal Herria Esnea kooperatiba, 2011n, Euskal Herriko ekoizle txikien defentsa sendoa egiteko.

Euskal Herria esnea ematen duten behi btzuk bazkan, larre batean. EUSKAL HERRIA ESNEA
2019ko abenduaren 6a
12:15
Entzun

Elikagaien merkatua geroz eta askotarikoagoa eta globalizatuagoa da. Supermerkatuetan, munduko hainbat txokotako produktuak daude apalategietan. Behi esnearen merkatua asko zabaldu da azken urteetan, eta ekoizle handiek txikiei lekua hartu diete. 1980ko hamarkadatik 2010. urtera bitartean, esnea ekoizten zuten baserrien %93 desagertu ziren Euskal Herrian, EHNE sindikatuaren arabera. Baserri txikiak desager ez zitezen sortu zen Euskal Herria Esnea kooperatiba, 2011n, Euskal Herriko ekoizle txikien defentsa sendoa egiteko.

Euskal Herria Esnea kooperatibak litroko kopuru bera ordaintzen die ekoizle guztiei. Sektoreko joera orokorra da gehiago ekoizten duenari prezio hobeak eskaintzea. Gisa horretara, ekoizle txikiek merkatuan beren lekua aurkitu dute, eta ekoizle handiei tokia kentzen hasi dira, lekuan-lekuan. Horrela, azken urteetan mantendu egin da esnearen prezioa litroko.

Ekoizle txikiak defendatzeaz gain, Euskal Herriko esnea izanik, euskara da kooperatibaren produktuen etiketetan agertzen den hizkuntza bakarra, eta lanerako ere euskara erabiltzen dute ekoizleek. Autogestioa da kooperatibaren beste oinarrietako bat; kooperatibista bakoitzak boto bat du. Hala, kooperatibista bakoitzak erabakiak hartzen ditu esne nominaren itxierari buruz, egoerari buruz eta aldaketei buruz.

Elikadura burujabetzaren aldeko apustua ere egin dute kooperatiban: Euskal Herriko esnea baino ez dute onartzen. Ekoizpen prozesu osoa baserrietan egiten dute, eta bidezko prezioan kobratzen dute; kooperatiba sortu zenetik, berdin mantendu dute prezioa. Gastuak, ordea, deskontatu egiten dituzte, eta litroko kopuru bera mantentzen dute baserritar guztientzat.

Modu erabat jasangarrian lan egiten dute baserritarrek: kooperatibako baserrien mendi hegaletan dagoen belar guztia behiak elikatzeko eta bazka propioa egiteko erabiltzen dute. Orokorrean, ehundik gora langile daude kooperatiban: baserriko profesionalak, garraiolariak, kooperatibaren kudeatzaileak, banatzaileak, osasun-aztertzaileak eta albaitariak, eta instalazioak mantentzeko teknikariak...

Baserriko UHT esnea

Esnea litroko ontzietan saltzen dute, denda txiki eta supermerkatuetan. Hiru prozesu mota pasatutako esneak dituzte aukeran: esne osoa, erdigaingabetua eta gaingabetua. Esne ekologikoa lantzen hasteko bidea ere ireki dute, baina oraindik ez dira ekoizten eta saltzen hasi.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.euskalherriaesnea.com.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.