EAEko estatus politikoa

Otegi: «Hau atzerapauso bat da 'Ibarretxe planarekin' alderatuta»

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak kritika egin dio EAJk estatutu berrirako duen egitasmoari. «Hasiera-hasieratik Urkulluri eta EBBko sektore bati ez zitzaien gustatu oinarrien akordioa».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, gaur, Donostian.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, gaur, Donostian. Andoni Canellada/Foku

Berria -

2019ko abenduak 2

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak kritika egin dio EAJk EAEko estatutu berrirako duen egitasmoari. «Ibarretxe planarekin alderatuta, hau atzerapauso bat da. Erabakitzeko eskubidea ardatza zen Ibarretxeren proposamenean», esan du Donostian, prentsaurreko batean. «[EAJ-PSE-EPren] Testu artikulatuan ez dago erabakitzeko eskubidea», deitoratu du Otegik. «Esango digute hau urrats bat dela. Bai, urrats bat da, baina atzerapauso bat. [Espainiako] Autonomien Estatua krisian dagoenean, EAJk aurkeztu duen proposamena Ibarretxe plana baino murritzagoa da? Zergatik? Hori da erantzun behar duten galdera». Uste du Espainiako Konstituzioaren barruko estatutu erreforma bat nahi dutela.

Eusko Legebiltzarrak 2004an onartutako estatutu politiko berriaren kopia batekin agertu da Otegi prentsaurrekora. Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariaren gobernuaren egitasmoa izan zen, eta EAJk, EAk, EBk eta, partzialki, SAk bozkatu zuten haren alde legebiltzarrean, 2004ko abenduan. Espainiako Kongresuak 2005eko otsailean ez zuen tramiterako onartu.

«EAJ-EH Bildu [oinarrien] akordio batetik EAJ-PSE-EP akordio batera joan gara», adierazi du Otegik gaur. «Zergatik? Hasiera-hasieratik Urkullu [Jaurlaritzako] lehendakariari eta EBBko sektore bati ez zitzaielako gustatu adostutako oinarrien eta printzipioen akordioa». Gogoratu du Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak esan zuela oinarrien akordioa «Olentzerori gutuna» bidaltzea bezalakoa zela. EAJn «agintzen» dutenei «oinarriak aldatzea» egotzi die Otegik, eta «ustezko alternatiba bat» eraiki nahi izatea. Iritzi dio EAJren «oinarrien zati bat» ez dela ados egongo EBBren jarrerarekin.

Haren esanetan, orain Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak adierazi beharko du aurki iritsiko zaion testu artikulatuak berak emandako agindua bete duen, eta, beraz, EH Bilduk eta EAJk adostutako oinarri eta printzipioei «egokitzen» zaien. «EH Bildu oso lasai dago, hitza bete baitu. Baina aukera bat galdu da".

Gainera, Otegiren hitzetan, EAJ-PSE-EP akordioarekin, lan harremanetarako esparru propioa, gizarte segurantza, pentsio sistema propioa, kirol selekzio nazionalak eta berme sistema ere «bidean geratu» dira.

EH Bilduk bere testu artikulatua aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean. Bilerak egingo ditu eragileekin gertatu denaz bere bertsioa emateko. «Tristea da. Pentsatzen genuen herriak nahi duela eta behar duela beste gauza bat. Bultza egiten segituko dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna