Euskara

Nafarroako Parlamentuaren domina jaso du Euskaltzaindiak

Ehun urtean "euskararen batasunerako eta normalizaziorako" eginiko lanagatik saritu dute Euskaltzaindia.

Iosu Alberdi.
2019ko abenduaren 2a
15:37
Entzun

Bere ehungarren urteurrena ari da ospatzen Euskaltzaindia, eta zenbateko borobil hori aintzat hartuta, Nafarroako Parlamentuaren Domina eman dio erakunde horrek euskararen hizkuntza akademiari. Haren "ibilbide akademikoa eta historikoa" saritu nahi izan ditu; batez ere, "euskararen batasunerako eta normalizaziorako" eginiko lana. Euskaltzaindiako presidente Andres Urrutiak adierazi du erakundea "politikatik at" aritu dela lanean: "Ulertzen dugu euskara herriaren ondarea dela. Denon ondarea, ezin dena ez instrumentalizatu, ez monopolizatu".

Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek adierazi du aho batez hartutako erabakia izan dela, eta horrek "are bereziago" egiten duela errekonozimendua. Euskaltzaindia "guztiok batzen gaituen hizkuntzarentzat" jaiotako erakundea dela azpimarratu du Hualdek, eta gehitu du espero duela gaurkoa "hizkuntza politiketan akordio zabalak" lortzeko bidearen hasiera izatea. Parlamentuko presidentearen esanetan, beharrezkoa da "euskararen normalizaziorako pausoak ematen jarraitzea", ezin delako euskara "erlikia" gisa begiratu: "Egongo da atzerapena desiratzen duenik. Gizartean, ordea, bere presentzia gero eta handiagoa da, kaleetan eta komunikabideetan".

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Nafarroako presidente Maria Chivite, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Erakunde horien lana eskertu du Urrutiak, 1919an Euskaltzaindiaren sorreran izaniko rolagatik. "Domina hau jasotzen dut akademiko guztien izenean, Artura Campionetik Jose Mari Satrustegira", amaitu du Euskaltzaindiako presidenteak. Akademiko horien artean 70 nafar daude.

Ekitaldiari Julio Sotoren bertso batek eman dio amaiera. Euskararen aldeko aldarria egin du bertsolariak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.