Espainia

Abian da legealdi berria Espainian, inbestidurarako egunik gabe

Meritxell Batet izango da, beste behin, Kongresuko presidentea, eta Pilar Llop Senatukoa. Voxekoa izango da Kongresuko mahaiko presidenteordeetako bat.

Meritxell Batet aukeatu dute Diputatuen Ganberako presidente. EMILIO NARNJO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko abenduaren 3a
21:44
Entzun

Ziurgabetasuna da oraindik ere nagusi Espainiako gobernu berriari dagokionez. Pedro Sanchez buruzagi sozialistak Gabonetako oporrak baino lehen egin nahi du inbestidura saioa, baina gaur-gaurkoz ez du horretarako behar adina babes. Bien bitartean, legealdiak aurrera jarraitzen du, eta Kongresua eta Senatua osatu dituzte gaur.

Ez da ezustekorik izan bi ganberetako buruak hautatzeko garaian. Bigarren bozketan aukeratu dituzte presidente Meritxell Batet eta Pilar Llop sozialistak; Kongresurako lehena eta Senaturako bigarrena. Bigarren aldia du karguan Batetek, eta lehena Llopek. Sozialistek aurkeztutako hautagaia da Llope, nahiz eta alderdiko kide izan ez —epailea da ogibidez—.

Bozketetan izan da zer esanik, ERC, Junts per Catalunya eta EH Bilduko ordezkariek llibertat hitza idatzi baitute boto paperetan. Ez da hori izan Kataluniako gatazkari egindako keinu bakarra, hala ere. ERCko diputatu Marta Rosique arduratu da bere taldekideen izenak irakurtzeaz, baina, aurretik, preso dauden alderdikideak gogoratu ditu, eta haien izenak zerrendatu. Rosiquek 23 urte ditu, eta hura da legealdi honetako ordezkaririk gazteena Kongresua.

Mahai osatzeko garaian heldu dira ezustekoak. PSOEk hirugarren aulkia eskaini zion PPri, eskuin muturra Kongresuko Mahaitik kanpo uztearen truke. Hark, ordea, bestelako asmoak zituen, eta sozialistei ezetz esan ostean, Voxi proposatu dio bere balizko bi aulkietatik bat Ciudadanosi ematea, PPren babesaren truke. Izan ere, kolpe gogorra jaso zuen C'sek azken hauteskundeetan, eta soilik hamar diputatu eskuratu zituen.

Azkenik, baina, Voxek ez du Ciudadanosen hautagaitza babestu, eta mahaitik kanpo geratu da alderdia. Eskuin muturrak, berriz, presidenteordetza bat eskuratu du. Ignacio Gil Lazarok beteko du kargu hori; PPko diputatu izandakoa da. Mahaia, beraz, honela geratu da banatuta: hiru ordezkari PSOEk, hiru Podemosek, bi PPk eta bakarra Voxek. Azken horrek PPren jarrera salatu du: «baliogabeko botoa» eman izana egotzi dio, Ciudadanosen alde egin izanagatik: «PPk bazekien Ciudadanos ez zela aterako, eta aukera zuen Voxen alde bozkatzeko. Baina ez du egin, eta, ondorioz, ezkerrak aulki bat gehiago eskuratu du».

Karguaren zina egiteko unean ere izan da istilurik. Joseba Agirretxea EAJko diputatuak eta Mertxe Aizpurua EH Bildukoak euskaraz egin dute karguaren zina. Moduarekin ados ez, eta Santiago Abascal Voxeko buruak hitza eskatu du, baina Batetek ez du prozedura eten. Zurrumurruak eragin ditu ERCko diputatuen kargu hartzeak ere. Hau esan dute: «Preso politikoen askatasunaren alde, eta Kataluniako Konstituzioa sortu arte, bai, legeak hala aginduta zin egiten dut». PPk eta Voxek auzitara jotzeko aukera aipatu dute. Aizpuruak, horren aurrean, zera adierazi du: «Auzitegi Konstituzionalak ere ontzat jota dauzka guk erabilitako formulak». Gaineratu du aurreko legealdian ere erabili zituztela. «Eskuineko hiru alderdien nahia da Kongresuan adierazpen askatasuna galaraztea». Voxek «Espainiarengatik» formula erabili du karguen zina egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.