Nobel alternatiboak

Greta Thunberg eta Aminatu Haidar "nobel alternatiboen" garaileen artean

Davi Kopenawa Amazoniako lider indigena eta Guo Jianmei ekintzaile feminista ere saritu dituzte.

Aurrean, eskubian Davi Kopenawa, eta haren ezkerrean, Aminatou Haidar. RIGHT LIVELIHOOD FOUNDATION
Iosu Alberdi.
2019ko abenduaren 4a
22:03
Entzun

Right Livelihood fundazioaren sariak eman dituzte gaur Stockholmen, euren 40. urteurrenean. Nobel alternatibo gisa ezagunagoak diren sari horien irabazleak Davi Kopenawa, Greta Thunberg, Aminetou Haidar eta Guo Jianmei izan dira aurten. Bakoitzak bere arloan eginiko lana saritu nahi izan dute antolatzaileek. 

Aminetu Haidar aktibista sahararrak "ekintza ez-biolentoen bidez, espetxea eta tortura gaindituta, Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidearen alde" eginiko lanagatik jaso du saria. Munduari mezu zuzen bat bidali nahi izan dio, ordea, Haidarrek. Aktibistak azaldu du saharar gazteen artean erresistentzia baketsuaren ideia indarra galtzen ari dela, eta gehitu du nazioarteak Marokori presio egin ezean gerra "saihestezina" izango dela. "Litekeena da, eta sentitzen dut, ez baitut benetan ikustea espero, bihotzez. Horregatik bidaltzen du mezu bakezale hau. Europako Batasunak zerbait egin behar du gerra eragozteko, bide demokratiko baketsua mantentzeko", adierazi dio Efe agentziari. Frantzia eta Espainia jarri ditu jomugan, Marokorekin duten harreman estuagatik. Esaterako, aurreko atean Mendebaldeko Saharara joatea arriskutsua zela adierazi zuen Espainiako Atzerri Ministro Josep Borrelek, Marokoko bere homologoarekin bildu ostean. Herrialde horrek Mendebaldeko Saharan sartzea ere debekatu dio Eusko Legebiltzarreko parlamentari talde bati.

Brasilgo lider indigena Davi Kopenawak, berriz, nazioartearen babesari garrantzia eman dio, yanomami herriaren aurkako jazarpenari aurre egiteko laguntzagatik. Hutukara Yanomami elkartearen sortzailea eta presidentea da Kopenawa, eta Amazoniako basoak eta biodibertsitatea, eta herri indigenen kultura babesteagatik saritu dute. Yanomani herria Brasilgo etnia nagusietako bat da, eta munduko lurralde indigena handienean bizi dira, 96.000 kilometro karratuko eremu batean. 1987an, urre bilatzaileek haien eremua hartu zutenean, etnia horretako herritarren bostenak hil zituzten zazpi urtean.

Beste bi garaileak, Greta Thunberg eta Guo Jianmei, ez dira ekitaldian izan. Biak ere arrazoi ezberdinengatik. Thunberg, 16 urteko aktibista ekologista ezaguna, Stockholmekoa bertakoa izan arren, COP25 klima aldaketari buruzko goi bilerara bidean da. Ozeano Atlantikoa zeharkatu du belaontzian —berez, Txilen egin behar zuten goi bilera—, eta Madril du helmuga. Suediako Kongresuaren aurrean protesta egiten hasi zen, eta NBEko agintarien aurrean hitz egitera heldu da. Guo Jianmei ez iristeko arrazoiak bestelakoak dira. Txinan emakumeen eskubideen alde lan egiteagatik saritu dute Jianmei, nagusiki sistema juridikorako bidea errazteko. Badirudi, ordea, arazoak izan dituela herrialde hartatik ateratzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.