Durangoko Azoka

Iratxe Aguilera musikagileak irabazi du Durangoko 54. Azokako Sormen beka

Euskal Herrian ere badugu zer esaterik musika urbanoaren inguruan! proiektua aurkeztu du: musika urbanoa eta euskara lotuko ditu.

Nagore Arin.
2019ko abenduaren 6a
13:16
Entzun

Iaz eman zuten lehenengoz Gerediaga Elkartearen eta Durangoko Udalaren ekimenez egiten den Sormen Beka. Atopia RPG proiektuak irabazi zuen, eta gaur aurkeztu dute egitasmoaren emaitza, Durangoko Azokaren (Bizkaia) bigarren egunean. Iazko proiektuaren emaitza aurkezteaz gain, aurtengo Sormen Bekaren irabazlea nor den jakinarazi dute. Literatura izan zen iazko bekaren ardatza; oraingoan, musika izan da gaia. Hain justu, Iratxe Aguilera abeslariak jaso du 15.000 euroko beka, eta euskaraz ere musika urbanoa egin daitekeela defendatu du. Hamahiru lan aurkeztu zituzten deialdira, eta horietatik hamaika lan aukeratu zituzten; besteek ez zituzten baldintza guztiak betetzen.

Kantuan eta dantzan jaso du lorpena Iratxe Aguilera musikagileak, eta amets bat errealitate bihurtuko duela esan du. Agertokira igo, mikrofonoa hartu proiektuaren parte den abesti bat interpretatu du, lagunen eta ikus-entzuleen begiradapean. "Eskerrik asko ni bezalako gazteei aukera emateagatik, sari hau oso berezia da", adierazi du. Halaber, Euskal Herrian musika urbanoak duen presentzia urriaz mintzatu da: "Euskal Herrian genero hau ez dagoela oso garatuta ikusi genuen, eta interesgarria iruditu zitzaigun egitea".

Jarraian, telefonoa atera eta Jon Maia bertsolariaren hitz batzuk irakurri ditu, proiektuaren nondik norakoak zein diren azaltzeko asmotan. Horrela esan du: "Gure proiektua periferian sortzen da, euskararen periferian. Garrantzitsua da periferiako euskal nortasun eta identitate berriak proiektatzea, euskaraz eta Euskal Herri osora. Halaber, garrantzitsua da Euskal Herrian ia presentziarik ez duten musika molde berriak eta kultur adierazpen berriak gehitzea. Hori periferiatik gertatzea are aberasgarriagoa da. Proiektu hau bultzatzea garrantzitsua da euskararentzat, laguntzen dutelako heldulekuak sortzen zein egungo belaunaldientzat erreferente diren musika eta kultura adierazpide berriak sustatzen".

Aurtengo irabazlearen berri eman baino lehen, AtopiRPG lantaldea igo da agertokira, proiektuaren emaitza aurkeztera. Euskarazko lehen rol jokoa egin dute, eta proiektuaren tonuarekin bat eginez egin dute aurkezpena: Manifestu dodoista irakurri dute, rol jokoaren munduan barneratuta. "Dodo Beltza, gure ikurra. Dodo beltz bat banuen, kaiolan sartua, egun baten neguen hil zan gizajoa. Dodoa euskaldunen ikurra zela jaso zuen Barandiaranek, hainbat kondairaren bidez. Hankak ebaki banizkio, neuria izango zen... baina nik, dodoa nuen maite. Gipuzkoako ezker abertzaleak Dodo Elkartea izena jarri die Herriko Tabernei", adierazi dute manifestuan. "Gure ikur" gisa izendatzeaz gain, euskararen ikur gisa ere izendatu dute dodoa manifestuan: "Dodoa, euskararen ikurra. Eusko Jaurlaritzak euskararen txantxandodoa sortu zuen 2016an. Ahotan, belarritan, su epelean. Kalearen bizia, herri honen irria, euskararen txantxandodoa".

Manifestuarekin amaitzeko, desagerpenaren aurkako deia egin dute: "Manifestu dodoista fikzioa da. Fikzioa baita desagertzearen aurkako txertoa. Fikzioa baita desagertzearen aurkako txertoa. Fikzio lana da Atopia. Fikzioa baita errealitatea ordenatzeko modu bakarra. Fikzioak sinesgarria izan behar baitu, errealitateak ez bezala. Dodo Beltza fikzioa da, beste edozein ikur bezain erreala". Halaber, euskal fikzioaren aldeko aldarri ozena egin dute: "Euskarak fikzioa behar du, euskal politikak fikzioa behar du, euskal gizarteak fikzioa behar du, Euskal Herriak fikzioa behar du. Edo, bestela esanda, euskara asmatu behar da, euskal politika asmatu behar da, euskal gizartea asmatu behar da, Euskal Herria asmatu behar da, bizirauteko, dodoak izan ez gaitezen behelaino artean".

Produktu bat sortu dute, 400 orrialdeko liburu bat. Material gutxi beharko da jokatu ahal izateko: jokalari fitxen fotokopiak, orri zuriak, arkatzak, dadoak eta liburua bera. Gutxienez hiru pertsona mahai baten bueltan elkartu, eta fikzio inprobisatua sortu beharko dute. Batzuetan, kooperatu; besteetan, elkarren aurka aritu. Jokalari bakoitzak bere pertsonaia sortu beharko du, eta harentzako fakzioa aukeratu: Agentzia, Internazional ikusezina, marxialistak, Lur4a edo STMA. Ondoren, jokalariek aukeratuko dute zein modutara jokatu nahi duten.

Bihar, zuzeneko rol partida bat jokatuko dute Durangoko Azokako Kabi@ gunean, 16:30ean, eta harekin podcast saio bat egingo dute gero, Internetera igotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.