Durangoko Azoka

Durangoko Azoka erreferentziazko elkargunea da bisitari eta eragileentzat, salerosketaren gainetik

Durangoko Azokak duen eragina zenbakitara eraman du Siadeco etxeak, Gerediaga elkartearen enkarguz.

Andoni Imaz.
2019ko abenduaren 9a
16:03
Entzun

Sei milioi euro. Hori da euskal kulturaren plazak guztira mugitzen duen diru kopurua. Dena dela, Gerediaga elkartearentzat Siadecok eginiko azterketak hori baino gehiago kontatzen du. Azoka garrantzitsua da bisitarientzat eta eragileentzat: bisitariek liburuak eta diskoak erosteko erreferentziazko lekutzat daukate, eta eragileentzat erakusleiho handi bat da.

Iazko Durangoko Azokan egindako inkesten emaitzak daude datu horien guztien oinarrian. 15 urtetik gorako 710 laguni egin zieten galdeketa, eta azokan parte hartu zuten 154 eragileetara jo dute; 121ek erantzun dute datu kualitatiboei eta iritziei buruzko zatia, eta 109k, berriz, datu ekonomikoei dagokiona. Izan ere, eragin ekonomiko zuzena, zeharkakoa eta induzitua kalkulatu dituzte azterketan.

Bisitariek denera milioi bat euro gastatzen dute liburutan, eta ia milioi erdi diskotan; gastu orokorraren %60 eta %28,3, hurrenez hurren. Batez beste, bisitari bakoitzak 49 euro gastatzen ditu azokan, hiru ale baino gehiagoren truke, eta 28, aldiz, Landako guneaz kanpoko ostalaritzan eta merkataritzan, Durangon eta Durangaldean.

Guztiek ez dute berdin gastatzen, baina: 36 eta 45 urte artekoek uzten dute diru gehien, nabarmen. Gizonek emakumeek baino gehixeago gastatzen dute azokan, baina emakume gehiago joaten da. Gazteen artean ageri da desorekarik handiena: 16-25 urtekoetan, hiru bisitaritik bi dira emakumeak. Azokan ez, baina urte osoan emakumeek gizonek baino liburu gehiago erosten dituzte euskaraz; erdaraz, gutxiago. Gizonek baino gehiago irakurtzen dute, euskaraz eta erdaraz, eta gehiago arduratzen dira ikasliburuak eta opariak erosteaz.

Gabonen atarian egiten da Durangoko Azoka, eta bisitarien erdiek aprobetxatzen dute han erositakoaren zati bat oparitarako. Gainera, beste hainbestek erosten dute libururen bat Durangoko Azokaren ondoren, haren eraginez. Lehenago, ez horrenbestek: bost bisitaritik bik ez dute libururik erosi urte osoan, eta portzentaje bera da euskaraz batere irakurri ez dutenena.

Durangoko Azokara joaten diren bisitari gehienek Bizkaia eta Gipuzkoa dituzte bizileku, alde handiarekin. Gainerako herrialdeak %10en azpitik daude. Biztanletan ere bi herrialde horiek dira populatuenak, baina berez duten pisua baino handiagoa da azokako bisitarien artekoa. Gainerakoek galdu egiten dute proportzioan: euskal herritarren %10,4 bizi dira Araban, baina bisitarien %6,8 joaten dira handik. Nafarroaren kasuan, %20,2 eta %5,5. Ipar Euskal Herriarenean, %9,5 eta %0,7.

Euskal kulturaren girora

Euskaldunak dira azokara joaten direnen %92. Gainontzekoak, ia euskaldunak (%5) eta erdaldunak (%3). Gehienak «euskara eta euskal kultura bultzatu nahiak» eramaten ditu Durangora; euskal kulturari lotutako giroaz gozatzea eta euskal kulturako produktuen berri izatea nabarmendu dituzte hara joateko arrazoien artean.

Bisitariek azokaren balorazio positiboa egin dute: eskaintza eta aniztasuna, sortzaileekin harreman zuzena izatea eta giroa dira gauzarik onenak. Alderdi ezkorrez ere hitz egin dute: jendetza handia pilatzen dela, sortzaile ezezagunek leku gutxi dutela, eta garraioarekin lotutako arazoak daudela; aparkatzeko zailtasunak eta garraio publiko gutxi.

Eragileek ere egin dute euren balorazioa. Azoka erakusleihoa da haientzat, besteekin harremanak izateko aukera ematen die, eta izaera nazionala duen bilgune bat da. Bestalde, ia bost eragiletik batek egin du kexua standen salneurriagatik, eta azaldu dute Durangoko Azokatik kanpo geratzen direla euskal kulturako eragile batzuk, batez ere txikiak. Ohartarazi dute nobedade asko pilatzen direla, justu azokaren atarian aurkeztuak.

Salmentaz haragokoa da Durangoko Azokaren eragina, eragileek erakusleihotzat baitaukate hura, batez ere. Urteko fakturazioan azokak duen garrantzia asko aldatzen da eragile batetik bestera, baina eragina izan badu: %22koa, batez beste. Pertsona fisikoentzat eta autonomoentzat, herena baino gehiago; enpresa pribatuentzat eta kooperatibentzat, hamarrena.

Bisitariek eta eragileek azokaren balorazio ona egin dute, baita hark duen oihartzun mediatikoarena ere. Hori ere nabarmendu du Siadecoren ikerketak: medioetan presentzia handia izaten du Durangoko Azokak. Antolakuntzak berak 300 albiste inguru sortzen ditu, eta idatzizko hedabideek 270 aipamen baino gehiago egiten dizkiote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.