Euskara

Osakidetzan eta Ertzaintzan euskararen erabilera sustatzeko eskatu du Europako Kontseiluak

Hizkuntza koofiziala ez den eremuetan euskara indartu beharra azpimarratu du, hau da, Nafarroa hegoaldean. Txostena bereziki gogorra da Espainiak katalanarekiko duen jarrerarekin.

D ereduaren aldeko manifestazioa, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2019ko abenduaren 11
18:26
Entzun

Europako Kontseiluak Espainiako estatuan dauden hizkuntza gutxituen inguruko txostena argitaratu du. Bertan, Osakidetzan eta Ertzaintzan euskara sustatzeko beharra adierazi du, baita hizkuntza koofiziala ez den eremuetan, hau da, Nafarroako gune "ez-euskaldunean" eta "mistoan". Halere, euskararen egoera "egokia" dela ageri da txostenean. Espainiaren aurkako kritika gogorrenak, ordea, katalanaren ingurukoak izan dira.

Txostenak Botere Judizialaren Lege Organikoa "berehala" moldatzea eskatu du, prozesu judizialetan hizkuntza gutxituen erabilera sustatzeko, bi aldeetako batek hala eskatzen badu. Beste "urgentziazko" gomendio bat ere ageri da: Administrazio publikoetan hizkuntza koofizialen erabilera sustatzea. Halere, euskararen egoera "egokia" dela nabarmendu du txostenak, eta gazteek duten jakituria maila jarri adibide gisa. 16 eta 24 urte artekoen euskararen jakintza %71n kokatu du, 2006ko %62arekin eta 1991eko %25arekin alderatuta.

Testuak bereziki gogor kritikatu du Espainiako estatuak katalanarekiko duen jarrera. 8/2013 Lege Organikoak, Wert legea bezala ezagunak, Katalunian martxan den murgilketa linguistikoari kalte nabarmena egiten diola azpimarratu du. Lege horrek ikasgaiak gaztelera hutsean ikasteko aukera bultzatu eta Kataluniako hizkuntza ereduaren aurka egiten duela ageri da txostenean. Horrez gain, katalan hiztunek jasandako diskriminazioa salatu du, batez ere, Espainiako Polizien partetik; baita Espainiako Justiziak "sistematikoki" murgiltze linguistikoaren aurka egitea. Nafarroan ere bada halakorik. Nafarroako Auzitegi Nagusiak "eremu mistoan" euskararen derrigortasuna ezabatu berri du.

Gainontzeko hizkuntzei dagokionez, galiziera egunero hitz egiten duten pertsona kopurua "nabarmen jaitsi" dela adierazi du. Valentzieraren egoera ere "kezkagarritzat" jo du, eta beharrezkotzat hartu hizkuntza hori hezkuntzako maila guztietara zabaltzea. Balear Irletan, 2015etik aldaketa "sakona" egon dela azpimarratu du. Azken kasu horretan, onerako.

Europako Kontseiluko Ministro Batzordeak onartutako txostena da, duela urtebete aditu delegazio batek eginiko bisitaren ondorenean.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.