Karbonoari muga zergak: gai arantzatsua

Irune Lasa.
2019ko abenduaren 11
18:33
Entzun

Itun Berdeak espero baino zehaztasun gehiago eman du beste gai batean, nahiz eta xehetasun handirik ez eskaini: 2021erako inportazioetan karbonoari muga zerga selektiboak ezartzearen aukera aipatzen du: Parisko Hitzarmena betetzen ez duten herrialdeen ingurumen dumping-a eragozteko muga zergaren bat edo antzeko mekanismoren bat, zeinak batez ere Europako industria sektorea babestea izango lukeen helburu, baina baita beste herrialdeetan —Txina edo Trumpen AEBak— deskarbonizazioa bultzatzea ere.
Hasieran, altzairu eta zementu inportazioei ezarriko litzaieke. Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteordeak gaia aipagai izan du asteon Madrilen, COP25en: «Espero dut halako neurririk hartu behar ez izatea, baina, beharrezkoa balitz, ez dugu zalantzarik izango».

Edonola ere, Europarentzat ez da erraza izango halako muga mekanismo bat jartzea, besterik ez bada ere ekonomia globalizatuetan hainbat ondasunen osagaiak han eta hemen ekoitziak izaten direlako, eta horien guztien karbono aztarna —eta ezarri beharreko muga zerga— kalkulatzea izugarri konplexua izan daitekeelako. Ziurrenez, horregatik aurreikusi da osagai gutxiko altzairu eta zementu esportazioekin hastea.

Gero, ikusi beharko da esportatzaileek eta bazkide komertzialek zer esaten duten. Dagoeneko, Europatik kanpo, karbonoari muga zergak ezartzeko proposamenak erantzun gogorrak jaso ditu, eta «neokolonialismo» modu bat dela salatu du, esaterako, Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak. Txinak ere ez lituzke begi onez hartuko muga zergak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.