100.000 milioi euroko mekanismoa, oposizioa baretzeko

Irune Lasa.
2019ko abenduaren 11
18:38
Entzun

Europako Batasuna joan den ekainean saiatu zen azkeneko aldiz 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzeko helburua ofizialki bere egiten. Ez zen adostasunik izan, Hungaria, Polonia eta Txekia kontra azaldu zirelako. Ekialdeko herrialde horiek baliabide gehiago nahi dituzte, Itun Berdeko neurri eta erreformei dagokienez ikatzarekiko, erregai fosilekiko eta nuklearrekiko menpekotasun askoz handiagoari aurre egin beharko diotelako.

Oposizio hori gainditzeko, «erregio guztiak ez direlako puntu beretik abiatzen, baina guztiek partekatzen dugulako helmuga bera», Ursula Von der Leyenek funts baten sorrera iragarri zuen duela aste batzuk. Itun Berdeak orain tresna hori jaso du, Bidezko Trantsiziorako Mekanismo izenpean. Mekanismo horrekin, 2021etik 2027ra 100.000 milioi euroren inbertsio publiko eta pribatuak mugiaraztea nahi luke Europako Batzordeak, «helburu zehatzetarako, eta eskualde eta sektore zaurgarrienak babesteko».  
Polonia eta besteak buruan izan ditu Von der Leyenek. Itun Berdea Europako Parlamentuan azaltzerakoan, une batez propio Poloniara eraman ditu entzuleen gogoak, Katowice hiria aipatu baitu, eta azaldu ikatz meatzaritzaren hiri ikurretako bat nola bihurtu zen iaz Klimaren COP24 Goi Bileraren egoitza.

Aurretik, Itun Berdea aurkezteko deklarazioan, batzordeko presidenteak adierazi du derrigorrezkoa dela ziurtatzea transformazio handi horretan inor ez dela atzean geldituko. «Beste hitz batzuetan: trantsizio hau baliagarria eta bidezkoa izango da guztiontzat, edo ez du inorentzat funtzionatuko», esan du Von der Leyenek.

Hala ere, oraindik ez da erabat ziurra dirutza hori egongo den ala ez. Batetik, Batzordeak Batasuneko zenbait bazkide —Austria, Danimarka, Herbehereak eta Suedia— konbentzitu behar ditu aurrekontuetarako nahi duten baino diru gehiago jartzeko. Eta, bestetik, Poloniak eta Hungariak berriz ere uko egin diezaiokete klima neutraltasunaren xedeari. Europako Kontseiluan ikusiko da aldaketarik izan den haien jarreran. Eta, bestela, aldaketarik ez balego, Itun Berdeak bidea zabaltzen du gai batzuetarako herrialdeen beto ahalmena gainditzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.