Artea

Historiako komikirik zaharrena topatu al dute?

Labar arteko eszenarik zaharrena izan daitekeena aurkitu dute Indonesian, baina adituak zuhur agertu dira.

Edu Lartzanguren.
2019ko abenduaren 12a
13:02
Entzun

 

[YouTube]https://youtu.be/1bXstLfS8lA[/YouTube]

 

Orain arte inoiz aurkitutako labar arteko eszenarik zaharrena izan daitekeena aurkitu dute Indonesiako haitzulo batean. Gutxienez, 44.000 urte ditu margolanak, eta ehiza eszena bat erakutsiko luke: erdi gizaki erdi animalia diren figura batzuk bufalo bat ehizatzen.

Ikertzaileen ustez, giza narraziorik zaharrena litzateke Sulawesi irlako leize hartan dagoena. Griffitheko (Australia) unibertsitateko arkeologo talde batek egin du ikerketa, eta Nature aldizkariak atzo eman zuen haren berri.

Leizea 2017an aurkitu zuten, eta barruan, lau metroko horman, gutxienez zortzi giza irudi eta sei animalia agertzen dira, pigmentu gorriz marrazturik. Inguruan oraindik datatu gabeko margolan gehiago daudela esan dute.

Aurkikuntzak izan zezakeen garrantziaz ideia egiteko, jakin behar da Lascauxko kobazuloetan (Okzitania) istorio bat kontatzen duten eszenak badirela, baina duela 17.000 urte ingurukoak direla. Beraz, Sulawesikoak horiek baino 23.000 urte zaharragoa litzateke.

Lascauxko irudi bat. Hainbat adituren arabera, bisonte batek xaman bat harrapatzen erakutsiko luke.

Indonesiako aurkikuntzak «baina» handi bat dauka. Inork ez du zalantzan jarri irudiek izango luketen garrantzia. Baina aditu batzuek dudan jarri dute eszena edo narrazio bat osatzen dutenik, ez dagoelako ziurtatzerik animalia eta giza moduko figurak denak aldi berean margotu zituztenik. Baliteke milaka urteko tarte batean osaturiko irudi multzo bat izatea, elkarren arteko loturarik gabea.

Zuhur agertu da, esaterako, Joseba Rios arkeologoa. Riosen arabera, baliteke eszena bat izatea, baina ikertzaileek ez dute frogarik aurkeztu. «Ez dute irudien higaduraren azterketarik aurkeztu, eta ez dago irudien superposiziorik». Beraz, ez dago esaterik animalien margoak eta giza moduko figura hibrido horiek garai berekoak diren. «Halako gauza handi bat esateko, ni zuhurragoa nintzateke».

Horrez gain, arkeologoa ez dago gustura giza figuren inguruan egin duten interpretazioarekin. Figurak pertsonaia mitologikoak direla esan dute ikertzaileek: teriantropoak, alegia. Giza eta animalia formaz alda daitezkeen pertsonaiak dira teriantropoak. «Oso azkar eta argudiorik eman gabe baztertu dute mozorroturiko gizakiak izateko aukera».

Riosen arabera, artikuluak badu alde zientifikoa, «baina beste guztiak fundamentu gutxiko iritzia ematen du. Harritu egin nau halako artikulua Nature-n agertu izanak». Aldizkariak azken boladan hainbat «artikulu probokatzaile» onartu dituela gogoratu du arkeologoak.

Edonola ere, eszenarekin edo eszenarik gabe, figuren garrantzia nabarmendu du Riosek. Izan ere, margoen adinak erakutsiko luke Europakoak ez direla munduan zaharrenak, askotan esan izan duten bezala. «Aurkikuntzak eurozentrismoa apurtzen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.