Aljeria

Aljeriako presidentetzarako bozetan inoizko parte hartzerik txikiena izan da

Herritarren %39,9 joan dira bozkatzera. Behin-behineko datuen arabera, Abdelmadjid Tebboune lehen ministro ohiak irabazi ditu hauteskundeak, botoen %64 bilduta.

Herritarrak, ostegunean, 'Hirak' mugimenduak deitutako manifestazioetako batean, Aljerren. MOHAMED MESSARA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko abenduaren 13a
18:46
Entzun

Hamar herritarretik seik uko egin diote bozkatzera joateari Aljerian. Presidentetzarako hauteskundeak egin zituzten herrialde hartan ostegunean. Abdelaziz Buteflikak kargua utzi eta haren tokian batzorde militarra jarri zenetik egiten diren lehen bozak dira, baina agintean den erregimenaren hitzek ez dute sostengurik herritarren artean.

Bozak boikotatzeko deia egin zuen Hirak mugimenduak, argudiatuz sistema zaharra legitimatzea zutela helburu. Haren deiak babes zabala izan du, eta horren froga da parte hartzea inoizko txikiena izan dela, %39,83. Hauteskunde egunean kalera ateratzeko deia egin zuen oposizioak, eta protestak izan ziren nagusi Aljer hiriburuan.

Segurtasun neurri zorrotzak jarri zituzten hirian, baina, hala ere, ehunka izan ziren Hiraken deiari erantzun ziotenak. «Botorik ez!» oihukatzen zuen ostegun iluntzean Aljerreko kaleetan bildutako jendeak. Azken orduan, baina, Poliziak manifestarien aurka jo zuen, eta kolpeka sakabanatu zituen. Zenbait iturriren arabera, 48 urteko manifestari bat hil zen protestetan.

Behin-behineko emaitzak

Hauteskunde Batzordeak emaitza ofizialik eman ez badu ere, Abdelmadjid Tebboune lehen ministro ohiaren taldeak dagoeneko garaipena aldarrikatu du, behin-behineko datuetan oinarrituta. "Gure esku dauden lehen datuen arabera, hautesleen %64ren babesa jaso du Tebbounek", adierazi du Abdelatif Belkaimek, haren kanpainako komunikazio arduradunak. «Ez da egingo bigarren itzulirik».

Bost ziren presidentetzarako hautagaiak; haietatik bi lehen ministro izandakoak, Tebboune bera eta Ali Benflis, Buteflikaren eskuin eskua izan zena mende honen hasierara arte. Beste bi, berriz, ministro ohiak, Ezzedin Mihoubi eta Abdelkader Bengrina, islamista moderatua. FLN alderdi bakarreko koadro ohi bat da bosgarrena, 2011n talde propioa eratu zuena, Abdelaziz Belaid.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.