John Garamendi aukeratu dute Kaliforniako gobernadoreorde

 

Berria -

2006ko azaroak 8
Arnold Schwarzenegger Austriako jatorriko gobernadore errepublikanoak John Garamendi euskal jatorriko demokratarekin partekatu beharko du estatuaren agintaritza datozen urteetan. Bozen %97,5 kontatuta daude eta orain arteko datuen arabera Garamendik botoen %49,5a eskuratu du. Bere aurkariak, Tom McClintock hautagai errepublikanoak, berriz, %44,9. John Garamendiren aitona euskalduna zen. Sam Garamendi lekeitiarraren iloba da Kaliforniako gobernadoreorde berria. Joan zen mendearen hasieran Ozeano Atlantikoa zeharkatu eta Utah estatuko Ogden hirian jarri zen bizitzen. Nevadara egingo zuen gero, familiarekin, eta gero Kaliforniara. Han jaio zen John, 1945. urtean. Enpresa zientziak ikasi zituen Kaliforniako Unibertsitatean, eta masterra egin zuen Harvarden. Kaliforniako gobernadore izateko aurkeztu zen 1994an, baina bere alderdiko hauteskunde primarioak galdu zituen. Luze gabe, ordea, Washingtonera deitu zuen Bill Clinton presidenteak, barne idazkariorde izateko. Kaliforniako aseguru industria gainbegiratzen duen batzorde ofizialeko buru da 2003tik. Ekainean bozak irabazi zituen alderdi demokratan, Estatuko Lieutenant Governor (gobernadoreorde) postura aurkezteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna