Azpiegiturak

«Segurtasuna ezin da izan luxu bat»

AP-8 Peajerik Ez plataformak salatu du autobide horretako bidesariak lotura duela N-364 errepidean izandako istripuekin. Egoera «bidegabea» dela ohartarazi dute.

AP-8 Peajerik Ez plataformak egindako sinadura bilketa. ANBOTO
Peru Azpillaga Diez.
2019ko abenduaren 15a
14:14
Entzun

«Ez dagokigu guri ebaztea errepideetako segurtasuna ona edo eskasa den, baina N-634 bi erreiko errepidetik egunero 24.000 ibilgailu igarotzen badira eta AP-8ko sei erreiko autobidetik 31.000, begi bistakoa da errepide nazionalak behar lukeen baino askoz trafiko handiagoa duela», salatu du Juan Mari Legorburu AP-8 Peajerik Ez plataformako kideak. Duela bi asteburu, N-634 errepide nazionalean, Iurreta eta Zornotzako tartean, bi istripu izan ziren; astelehen honetan, beste bat, hildako eta guzti. AP-8 autobideko bidesariak errepide nagusia «are arriskutsuago» egiten duela ohartarazi dute plataformatik. «Bidesariak kolapsatu egiten du errepide nagusia, eta bidean etengabe egiten dituzten lanak gehitu behar zaizkio horri». Gainera, Legorbururen esanetan, lan horiek guztiak «sobran» egongo lirateke AP-8ko bidesaria kenduko balitz: «Ibilgailu asko eta asko AP-8ra pasatuko lirateke, eta horrek guztion segurtasuna bultzatuko luke». Azkenean, «era zentzugabean diru gehiago gastatzen» dabiltzala deritzo, «betiko arazoan» sakontzen duten bitartean: «Istripuak edonon egon daitezke, baina N-634 errepideko trafiko izugarriari etengabe egiten dituzten obrak gehituz gero, arriskuek gora egiten dute nabarmen».

Horregatik, Legorburuk segurtasuna «luxu» bilakatu izana leporatu dio Bizkaiko Diputazioari: «Gaur egun, segurtasuna ezin da izan bakar batzuentzako luxu bat; denon eskubidea da, eta eskubideak ez dira ordaintzen, aldarrikatu egiten dira». Aldarrikapen horretatik tiraka, gogorarazi du AP-8 autobideko kontzesioa orain dela hamasei urte amaitu zela. Geroztik, esku publikoetan dago errepidea, eta, Legorbururen ustez, bidesaria mantendu izana, gidarientzako «arriskutsua» izateaz gain, «bidegabea» ere bada.

AP-8 Peajerik Ez plataformak urteak darama bidesaria kentzeko eskaria egiten, baina Legorburuk nabarmendu du oraindik ez dutela jaso instituzioen inolako erantzunik. Hala ere, konbentzituta dago diputazioak noizbait kendu egin beharko duela, segurtasuna ordaintzen jarraitzeak ez duelako zentzurik. «Onartzen dugu obra bat egiteko inbertsio bat egiten denean gero horri etekin bat atera behar zaiola, baina urte batzuetako kontua izaten da hori». Gogoratu duenez, AP-8 autobidearen lizitazioa 25 urterako zen, eta hamasei igaro dira aldi hori amaitu zenetik. «Hori amaituta, gizartearen onurarako azpiegitura bilakatu behar du, eta ez aldundiaren diru kutxako zenbakiak hobetzeko metodo bat».

Izan ere, jakinarazi duenez, autobide horretako Ermua eta Usansolo arteko tarteak 31 milioi euroren irabaziak izan zituen iaz. «Aldundiei diru asko ematen dien autobide bat da; hori da bidesaria ez kentzeko duten arrazoi bakarra». Hortaz, orain arte egin diren beste azpiegitura batzuek sortzen duten zorra kitatzeko erabiltzen dutela deritzo: «Bilboko hegoaldeko saihesbideak, esaterako, zorrak baino ez ditu pilatzen, eta AP-8a erabiltzen dute hori estaltzeko». Horregatik, Legorburuk azpimarratu du dirua ezin dela egon «segurtasunaren gainetik; are gutxiago, zentzugabekeriaz xahutu den diru bat izanik».

Bidesaria kentzeko egindako proposamenei aldundiak ez diela erantzun ikusita, bestelako tarteko neurriak ere proposatu dituzte plataformako kideek, bidesariak eragiten duen egoera «bidegabea» leuntzeko. Igorritako azken proposamenak bi neurri biltzen zituen. Lehenengoa da 24 orduko epean egiten diren joan-etorriak doan izatea. Legorburuk azaldu duenez, neurri hori martxan dago jada Nafarroako eta Errioxako (Espainia) autobideetan, eta «trafiko asko aterako luke» errepide nagusitik.

Bigarrena Zornotzako bidesaria kentzea da. Neurri horrek ere «asko» arinduko luke N-634 errepideak jasaten duen trafikoa, Legorbururen ustez. «Irtenbide egoki bat behar dugu, obrak batere zentzurik gabe egiteak ez baitu arazoa konponduko», ohartarazi du.

Ikusita bi neurriak batzen zituen proposamenak ez zuela inolako erantzunik jaso, euren aldarrikapena babesteko sinadura bilketa bat jarri zuten martxan apirilean. Oraingoz 25.000 inguru lortu dituztela nabarmendu du Legorburuk. «Ez entzunarena egiten dute beti, baina guk lanean jarraituko dugu eta ez diogu protesta egiteari utziko». Sinadura bilketaz gain, auto karabanak eta errepide mozketak ere egin dituztela adierazi du; besteak beste, Zornotzako San Antonio auzoan. «Hau ez da soilik ibilgailu eta gidarien segurtasunaren arazoa: errepidearen ertzetan bizi direnen arazoa ere bada», argitu du Legorburuk. Azaldu duenez, pertsona horien segurtasuna eta bizi baldintzak ere badaude kolokan: «Trafikoak eragiten duen zarata, kutsadura arriskua... Faktore asko daude. Auzo horretan, esaterako, bizilagunek errepidea gurutzatu behar dute egunero, eta horregatik bideratzen ditugu horra bide mozketak», esplikatu du Legorburuk.

Ekintza horien bitartez eskualdeko bizilagunak «suspertzeko» eta «denen onerako irtenbide bat» topatzeko esperantza du Legorburuk: «Ea lortzen dugun duela hamasei urte zabaldu behar zen autobide hau zabaltzea eta normaltasunez bizi ahal izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.