AEB-ak

Ordezkarien Ganberak onartu egin du Trumpen aurkako 'impeachment'-a

Donald Trump Senatuan epaituko dute, «botere abusua» erabiltzea eta «ikerketaren lana oztopatzea» egotzita. Errepublikanoek gehiengoa dute han.

AEBetako Ordezkarien Ganbera bart, Nancy Pelosi buru duela.
AEBetako Ordezkarien Ganbera bart, Nancy Pelosi buru duela. Jim Lo Scalzo / EFE

Andoni Imaz -

2019ko abenduak 19

Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen aurkako epaiketa politikoa aurrera doa. Horren alde bozkatu dute bart Ordezkarien Ganberako diputatuek, ganbera erabat erdibituta egon den arren; alderdi bakoitzak tinko eutsi dio bere jarrerari. 11 orduko debate baten ondoren, bi bozketa egin dituzte, bana Trumpi leporatzen dizkioten karguetarako: «botere abusua» erabiltzea eta «ikerketaren lana oztopatzea». Lehenengoa 230 diputatuk babestu dute, eta 197k bozkatu dute kontra (195 errepublikanok eta bi demokratak); bigarrenaren alde 229k egin dute, eta 198k kontra (beste demokrata bat, eta abstentzio bat).

Behe ganberatik goi ganberara igaroko da orain afera. Senatuan egingo dute epaiketa; han, demokraten ordezkariak fiskal arituko dira, senatariak epaimahaikideak izango dira, eta John Roberts Auzitegi Goreneko presidentea izango da epailea. Trumpek bere abokatuak bidaliko ditu, defenda dezaten. Epaiketa politikoa urtarrilean da abiatzekoa, baina demokratek ez dute aukera handirik Trump kargutik kentzeko. Ordezkarien Ganberan ez bezala, Senatuan errepublikanoek dute gehiengoa: 53 dira, eta demokratak, 47. Gainera, impeachment-aren arauek bi herenen babesa eskatzen dute.

Demokratek Trumpen aurka jo nahi izan dute hark legealdia hasi zuenetik, baina Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin izan zuen deiak lehertu zuen egoera. Ordezkarien Ganberako Justizia batzordearen arabera, AEBetako presidenteak bere kargua erabili zuen Joe Bideni buruzko informazioa lortzeko. Biden demokraten primarioetan lehiatzen ari da, eta, inkesten arabera, faboritoa da 2020ko azaroaren 3ko bozetan presidentegai izateko. Horregatik, Trumpek bi ikerketa abiatzeko eskatu zion Zelenskiri, batzordearen arabera, eta trukean Etxe Zurirako bisita bat eskaini zion. Gainera, ikerketak abiatu ezean Kieventzat garrantzitsuak diren laguntzak blokeatuko zituela mehatxu egin zion.

Jerry Nadler Justizia batzordearen presidenteak atzoko eztabaidan esan zuenez, agintariaren aurkako prozesuan honako hau izan da gakoa: presidente guztiek ezkutatu diete informazioa herritarrei, baina Trump izan da bakarra Kongresuaren eskariei erronka jo eta ezezkoa eman diena, eta beste lekukoak behartu dituena informazioa ez ematera.

AEBetako presidentea, ordea, ez da iritzi horren aldekoa, eta hilabeteotan bere jarrera defendatzen aritu da. Goizaldeko bozketaren bezperan, eskutitz bat bidali zion Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteari, prozesua kritikatzeko. Ohiko tonua erabili zuen, «amerikar demokrazia ahultzea» egotzi baitzion.

Iraindua baina batua

«Gaurkoa egun handia da konstituzioarentzat, baina egun tristea herrialdearentzat», esan du Pelosik bart Ordezkarien Ganberan. Hark gidatu du eztabaida saioa, eta nabarmendu du presidenteak ez diela utzi «epaiketa politikorako artikuluak aurkeztea» beste aukerarik.

Bitartean, Trump mitin bat ematen aritu da Michiganen, milaka aldekoren aurrean. «Gaurko ekintza ustelekin, Nancy Pelosiren demokrata eroek betiereko lotsaren marka jarri diote beren buruari», kritikatu ditu oposiziokoak. Esan du alderdi errepublikanoa inoiz ez dela egun bezain «iraindua baina batua» egon, eta iragarri du senatari kontserbadoreek «zuzen» jokatuko dutela epaiketa politikoan.

AEBen historian impeachment prozesutik igaro den hirugarren presidentea da Trump. 1868. urtean, Andrew Johnsonen aurkakoa egin zuten, eta 1998an, Bill Clintonen aurkakoa. Biak absolbitu zituzten.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©PEDRO PUENTE HOYOS / EFE

«'Pandemiaren urteak', esan nuen. Urteak izango direlakoan: urteak»

Arantxa Iraola

Aurrera urratsa egin, eta hedabideetan naro-naro dabilen zientzialarietako bat da Del Val; txertoa lortzeko prozesuak oso azkar doazela onartu du, baina uste du une aski zailak eragin ditzakeela oraino ere izurriak.

 ©Juan Carlos Ruiz / Foku

COVID-19ak hiru hildako utzi ditu Nafarroan

Berria

13.012 PCR egin dituzte Hego Euskal Herrian, eta horietatik 842k positibo eman dute. 

Protesta bat Gasteizen. ©E.PORTILLO/ FOKU

Arabako zahar etxeak ere, grebara

Erredakzioa

Hiru lanuzte egingo ditute, ELAk, LABek, UGTk eta CCOOk deituta, «prekarizazioa» salatzeko

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna