Kultur azpiegiturak

Erakusketa areto berri bat irekiko dute Tabakaleran, arte garaikidearen presentzia indartzeko

Datorren urteko arte garaikidearen programa aurkeztu dute. Lau erakusketa proiektu eta hiru esku hartze egingo dituzte. «Artearen inportantzia eta zeharkakotasuna» azpimarratu dituzte.

Clara Montero eta Oier Exeberria, Tabakalerako arte garaikidearen programa berriaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Nagore Arin.
2019ko abenduaren 19a
09:29
Entzun

«Programa hau lan eta hausnarketa prozesu bizi baten emaitza da». Horrela definitu du Clara Montero Tabakalerako kultura zuzendariak 2020. urtean egingo duten arte garaikidearen erakusketa programa. Gaur egin dituzte erakusketa eta jarduera sortaren aurkezpena, eta, Monteroren arabera, programa hori ez da soilik lan eta hausnarketa prozesu baten erantzuna izan: «Guretzat inportanteak diren balioei ere erantzuten die» . Proposamen multzo horrekin, arte garaikidearen presentzia indartu nahi dute, besteak beste, erakusketa areto berri bati eta espazio publikoan egingo diren esku hartzeei esker. Hala, lau erakusketa proiektu eta hiru esku hartze aurkeztu dituzte 2020. urterako.

«Artearen inportantzia eta zeharkakotasuna azpimarratu nahiko nituzke; izan ere, guretzat hori oso garrantzitsua da», adierazi du kultura zuzendariak. Zeharkakotasuna nabarmendu dute, hain zuzen ere, arte garaikideak eta gaur egungo artista ugariek «gizartearentzat inportanteak diren gaiak» lantzen dituztela goraipatzeko: «Garrantzitsua iruditzen zaigu gaur egungo debateetan eta esfera publikoetan artista horien arrazoibideak presente egotea». Bestalde, nabarmendu du harreman eta lotura bat sortu nahi dutela hiriarekin eta hiritarrekin: «Gertutasuna eta eskuragarritasuna landu nahi ditugu, bai hiritarrekin, bai hiri honetan izaten diren hainbat egitasmorekin eta ekitaldi kulturalekin; besteak beste, Donostiako Zinemaldiarekin eta Musika Hamabostaldiarekin».

Lau Pareta du izena erakusketa areto berriak. Erakusketa areto nagusiaren alboan dago, eta arte garaikideko programa berriak gorputza har dezan hartu dute gune hori irekitzeko erabakia. Monteroren hitzetan, «artea espazio publiko bat da», eta horren inguruko gogoeta sortzea da asmoa. Oier Etxeberria Tabakalerako arte garaikideko arlo buruak aletu ditu 2020. urteko programa osatuko duten lau erakusketa proiektuak. Lehenik, ordea, zentroaren nortasunari egin dio erreferentzia: «Hiriko espazio handien pareko zerbait da Tabakalera, zentzu publikoan. Espazio publiko gisa uler dezakegu; askotariko jende eta portaeren agertoki bat da».

Lau erakusketa, hiru esku hartze

Martxoaren 6an inauguratuko dute lehen erakusketa. Pobrearen zibernetika: tutorialak, ariketak eta partiturak izena jarri diote, eta abuztuaren 31 bitartean egongo da ikusgai. Diedrich Diederichsen eta Oier Etxeberria izan dira erakusketaren komisarioak, eta zibernetikaren esparruak urteetan izan duen bilakaera du hizpide: datuak ez ezik, sentimenduak, emozioak eta intimitatea ere merkantzia bihurtu direla, hain zuzen ere. Hala, arteak merkatuaren logika horri uko egiten dion tesiari heldu diote antolatzaileek. Vienako Kunsthalle Wien aretoarekin elkarlanean egin dute. Lau Pareta aretoan, berriz, Bideo jokoak. Play without end erakusketa egongo da ikusgai martxoaren 20tik abuztuaren 31ra bitartean. Bertan, bideo jokoek kultura garaikidean duten garrantzia azpimarratuko dute, baita jokoaren bitartez sortzen diren harremanena ere.

Hirugarren eta laugarren erakusketa proiektuak irailetik aurrera egongo dira ikusgai. Zinema Ex. Abstrakziotik algoritmora egongo da erakusketa areto nagusian, irailaren 11tik urtarrilaren 12ra bitartean, eta Florian Wust izango da komisarioa. Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean egin dute proiektua: 1920ko hamarkadako abangoardiako zinemaren, 1960ko hamarkadatik 1980ko hamarkadara bitarteko lehen konputagailuen eta bideo artearen arteko konbinazioa aztertuko du. Era berean, teknologia digitala eta sare sozialak aztertzen dituzten arte garaikideko lanak izango dituzte hizpide. Denbora tarte berean, Chris Kraus: Pelikulak lehen eta gero erakusketa egongo da Lau Pareta aretoan. Chris Kraus zinemagile eta idazlearen ibilbidea errepasatu ahal izango da erakusketaren bitartez.

Amaitzeko, hiru esku hartze artistiko ere egingo dituzte, guztiak Tabakalerako espazio publikoetan. Monteroren esanetan, «zirkulazio guneak aktibatzea» da esku hartze horien bitartez lortu nahi dutena, zentroko bisitariak arte garaikidera gerturatzeko. Horretarako, hiru jarduera antolatu dituzte. Kuboa da lehena: altzairuzko pieza mugikor batez osatutako instalazio monumental bat. Kultura zuzendariaren arabera, «proposamenik ikusgarriena» da hori. Bigarrena Espirala izeneko espazioa da, eta zinemaren munduan lekurik izan ohi ez duten ikus-entzunezko formatu bereziak ikusteko aukera emango du. Hirugarrena eta azkena, berriz, Scala izango da, eta soinu artea izango du hizpide. Eskalaren eta eskaileraren arteko soinu joko bat planteatuko du, eta Musika Hamabostaldiaren hurrengo aldiarekin batera jarriko da martxan.

Tabakalerako erakusketa taldearekin batera, nazioarteko arte garaikideko aditu batzorde batek parte hartu du proposamen sorta guztia sortzen eta garatzen. Honako hauek osatzen dute batzorde hori: Ana Teixeira idazle eta kultura teorikoak, Anselm Franke HKWko arte bisualen arloko komisario eta buruak, eta Ibon Aranberri euskal artistak. Arte garaikideko programaren bigarren zikloak –irailetik aurrerakoak– bat egingo du Tabakalera zentroaren bosgarren urteurrenarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.