Fiskalitatea

Nafarroako Parlamentuak onartu egin ditu zergen hiru lege proiektuak

Enpresen ondasunen zerga kentzeko proiektuaren kasuan, PSNk eta Geroa Baik alde bozkatu dute, eta, eskuineko koalizioaren abstentzioari esker, aurrera atera da. LABek kritikatu du «logika kapitalista» ezarri dela, «enpresaburuek diru gutxiago ordainduko dutelako».

PSNko Ramon Alzorriz, gaur, parlamentuan, Navarra Sumakoei zuzenduz. IñAKI PORTO / NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2019ko abenduaren 19a
09:43
Entzun

Azkenik, Nafarroako Gobernuari ondo atera zaio jokaldia. Zergen inguruko neurriak hiru lege proiektutan bereizi zituen, ezker eskuin botoak bilatu asmoz. Iragan astean EH Bildurekin akordioa lortu ostean, koalizio abertzaleak bide eman die lege proiektu nagusiari eta amatasun laguntzen egitasmoari —lehen kasuan abstenituz, eta bigarrenean aldeko botoa emanez, Ezkerrak bezala—. Hiru proposamenen aurka Navarra Sumak hiru osoko zuzenketa aurkeztu zituen iragan astean, baina, bozketaren une erabakigarria iritsi denean, abstenitu egin da hiru kasuetan. Horri esker, onartu egin da enpresen partaidetza eta ondasunen zerga kentzearen aldeko egitasmoa.

Botoak ez dira bat etorri diskurtsoarekin, eta Navarra Sumak oso hitz gogorrak erabili ditu PSNren eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariaren aurka. Javier Esparza eledunak «akats historikoa» egitea aurpegiratu dio Maria Txibite lehendakariari, zergen inguruan EH Bildurekin akordioa lortu duelako. «Itun horrek legealdi osoa zikinduko du». Navarra Sumaren arabera, kanpotik «zer egin behar den eta, batez ere, zer ez den egin behar» markatzen jarraitzen du EH Bilduk. Aitzitik, «erantzukizunagatik» abstenitu direla arrazoitu du: «Gobernu honen gainetik nafarren interes orokorra dago».

Argudio horiek  entzunda, PSNko Ramon Alzorrizek «estrategia okerra» izatea aurpegiratu dio Navarra Sumari. Haren ustez, proposamenak egin eta negoziatzeko prest agertu da EH Bildu;  eskuineko koalizioak, berriz, «desberdin pentsatzen dutenekin ez hitz egiteko akats zaharrari» eutsi dio.

Navarra Sumak erabili dituen argudioak entzun ostean, EH Bilduk gogorarazi dio hauteskundeetako emaitzek ematen dietela zilegitasuna eurei. «Nafarroako erakundeak zuenak direla pentsatzen jarraitzen duzue», esan die. Araizen ustez, sozialistek «zentzuz» jokatu dute, eta ez dira erori «kontrarreforma bat ezartzearen tranpan». Geroa Bairen ustez, gobernuak egindako lege proiektuak «arduratsuak» dira, eta, Ahal Dugu-ko Mikel Builen arabera, ez da atzerapausorik eman. Ezkerrako Marisa de Simonen iritziz, «hobekuntza batzuk daude, baina ez dira nahikoak».

Lege proiektu nagusiari dagokionez, aurreko astean gutxieneko akordioa erdietsi zuen EH Bilduk gobernuarekin: abstentzioaren truke gobernuak sei konpromiso hartu ditu —batik bat, sozietate zergan kenkariak aztertu eta kreditu fiskalak mugatzea eta zerga horren ekonomia beltza aztertzea—. Amatasun baimenenen kenkarien inguruko proiektuaren inguruan, EH Bilduk eta Ezkerrak alde bozkatu dute.

Emozio handiagoa egon da hirugarren bozketan. EH Bilduk eta Ezkerrak kontrako botoa iragarri dute, eta pilota Navarra Sumaren teilatu gainean egon da. Navarra Sumak azken proiektu horren eztabaidaren hasieran kontrako botoa iragarri du, baina Uxue Barkosek jokaldia aurreratu du, mus karta jokoari aipamen eginez: «Ez ditugu 31, baina jokoa badugu». Azkenean, Navarra Suma abstenitu egin da, eta lege proiektua aurrera atera da, PSNren eta Geroa Bairen 20 botoekin.

LABen kritika

Enpresen ondasunen zerga kendu denez, LABek kritikatu du «PSNk eta Geroa Baik logika kapitalista» ezarri dutela, «muturreko eskuinaren laguntzarekin». Sindikatuaren ustez, horrek adierazten du kapitalak agintzen duela. «Nafarroan langile pobre eta prekarioak dauden bitartean, enpresaburuek diru gutxiago ordainduko dute».

Proiektuen edukia

Proiektu nagusiari dagokionez, errenta zergan oinarri likidagarriaren gainean %2ko deflaktazioa ezarri dute, inflazioaren eragina leuntzeko. Ibilgailu elektrikoei kenkariak ezarriko dizkiete, eta etxebizitza alokairuaren kenkaria jasotzeko gehienezko adina 30 urtetik 31 urtera igoko dute. Sozietate zergan, azken urteetan bilketan egon den erortzearen ondorioz, oinarri likidagarri negatiboen murrizketei muga berriak ezarri dizkiete 2020rako eta 2021erako: 60 milioi euroko negozio zifra duten enpresei %50ekoa eta 60 milioi eurotik gorakoei %25ekoa. Orain arte %70ekoa zen muga. Gainera, apustu etxeei %20ko zerga ezarriko zaie.

Bigarren proiektuan, 2015etik 2018ra bitarteko amatasun laguntzak jaso dituztenei %25era arteko kenkariak ezarriko dizkiete. Proposamen horrek urrian Nafarroako Auzitegi Nagusiak ateratako epaiari erantzun nahi dio, eta iaztik hona sortu den egoerari irtenbidea eman. Azkenik, enpresa familiarren eskaerari erantzunez, ondare zergan enpresa partaidetzen eta ondasunen gaineko zerga kentzea deliberatu du gobernuak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.