Indarkeria matxista

'Bortxatzaile bat zure bidean' performancea egin dute Bilbon

Bostehun emakume baino gehiago elkartu dira udaletxe aurrean, indarkeria matxista salatzen duen protesta antzezteko; euskaraz ere aritu dira. Gogoan izan dute performancearen jatorria, eta elkartasuna adierazi diete Latinoamerikako andreei.

Maite Asensio Lozano.
2019ko abenduaren 19a
20:58
Entzun

«Eta errua ez zen nirea, ez non nengoen, ez nire janzkera». Ahoskatu orduko musikatzen dira hitzok; gorputzean sartzen dira, aldakak ezker-eskuin eta ukabilak gora-behera mugitzea eragiten dute, eta amorruzko aldarri gisa askatzen dira. Ohartarazpen bat dira: indarkeria matxistaren ardura ez dute emakumeek, baizik eta erasotzaileek eta haiek babesten dituzten egiturek. Feminismoaren ereserki bihurtu da jada Bortxatzaile bat zure bidean protesta ekintza, eta Bilbora iritsi da gaur iluntzean: 500 emakumek baino gehiagok egin dute. Eta une oro izan dute gogoan performancearen jatorria: elkartasuna adierazi diete Latinoamerikan errepresioa jasaten ari diren herriei, eta bereziki, Txileri.

Berriro ere, erakustaldi feministarako eremu bihurtu da Bilboko udaletxe aurreko eremua: ehunka ahots eta gorputz aritu dira oihu bakar bihurtuta. Lehen lerroan, Latinoamerikatik iritsitako emakumeak jarri dira, batzuk jaioterrietako banderekin, eta beste batzuk abortatzeko eskubidearen aldeko zapi berdearekin. Haien atzean, dozenaka andre, parrandarako moduan jantzita, soineko koloretsuekin, edo bularretakoak bistan utzita, gogora ekarri nahian janzkerak ez duela errurik. Begiak estalita abestu dute, salatzeko emakumeen borroka ikusezina izan dela, baina halere ahots sendoa dutela. Eta, azkenean, garrasi irmo bat: «Bortxatzailea zu zara».

Amaitzean, besarkadak. Zirrara. Malkoak. «Gora borroka feminista» oihuak. Txaloak. Eta berriro: «Estatu zapaltzailea, ar zantar bortxatzailea». Inprobisatuz, hainbatetan errepikatu dituzte aldarriak, taldearen indarrak hauspotuta, gelditu ezinda. Izan ere, badu zerbait berezia performanceak, Cesia Caniullanen arabera: «Emakumeok batu egiten gaitu, arrazen eta klasearen gainetik. Auzi globala da: denok jasaten dugu bortizkeria».  

Txilekoa da bera; hain justu, performancearen jaioterrikoa, eta Bilboko erreplika antolatzen jardun da. «Ikusi nuen lehen aldian, barruraino heldu zitzaidan; mezu indartsua du, zuzenekoa, eta espero dut jendeari zer pentsatua ematea». Las Tesis taldeak eratu zuen; ikerketa feministetako mezuak antzerki bihurtzen dituzte. Valparaison aritzen dira, eta justu han bizi izan da Maria Carretero bederatzi urtez; Bilbora itzuli berritan ezagutu zuen protesta: «Ezagutzen nuen Las Tesisen lana, eta Txileko egoera politikoaren eta indarkeriaren berri ere banuen. Iruditu zitzaidan Bilbon ere egin behar zela, eta euskarara ekarri behar zela, salaketa norbere lurraldera egokitzea baitzen asmoa. Talde askotarikoa osatu dugu, eta oso harrera ona izan du».

Hala, ele bitan egin dute gaur performancea: euskaraz lehenik, eta gaztelaniaz gero. Akelarre talde feministako kide Enara Iglesiasen ustez, ezinbestekoa zen euskaraz ere egitea: «Gaztelera hizkuntza inposatua eta hegemonikoa da guretzat, baina Latinoamerikan ere bai, eta han ere euren jatorrizko hizkuntzetan errepikatu dute». Poza ezkutatu ezinda mintzatu da protesta ekintza amaitzean. Aldarriak indar askatzailea ere baduela nabarmendu du: «Erasoen aurrean erantzuteko legitimitate osoa dugu emakumeok eta disidenteok: erasotzaileak lehen lerrotik kentzea eta guk espazio hori hartzea ahalduntze prozesuaren oinarria da. Eta oso garrantzitsua da». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.