Albistea entzun

ETB

'Ihesaldia'-k %2,1eko batez besteko ikusle kuota izan du

Helduentzako euskarazko aurreko telesaila Eskamak kentzen izan zen (2016), eta %2,5eko ikusle kuota bereganatu zuen. ETB1en abenduko batezbestekoa %1,9koa da.

Telesailaren fotograma bat
Telesailaren fotograma bat Pausoka Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2019ko abenduak 20 13:34

Hiru urte eta erdiz ETBk ez du helduentzako euskarazko telesailik eman. 2016ko maiatzean eman zuen Eskamak kentzen telesailaren azken atala, eta Ihesaldia iritsi den arte basamortu luze bat izan da. ETBko zuzendari Edu Barinagak iragarri du datorren urtean hiru telesail berri egingo dituztela.

Ihesaldia abenduaren 15etik 19ra eman dute ETB1en, bost atalak errenkadan. Atal guztiak ikusgai daude EITBren webgunean.

Abenduaren 9an, EHUko Ikus-entzunezko Graduko ehun ikaslek —euskarazko zein gaztelaniazko adarretakoak— lehen atala ikusi zuten. Inkesta bat egin zuten haiekin Applika ikerketa taldearen eskutik, eta esan zuten asko gustatu zitzaiela telesaila.

Hainbat alorretatik kritikatu dute azkeneko urteetan euskarazko telesailen falta. Baina premia horrek ez du izan islarik ikusle datuetan. Ihesaldia-k batez beste 16.000 ikus-entzule izan ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%2,1eko ikusle kuota). Azaroan ETB1ek %2,2ko kuota bereganatu zuen, eta abenduan, orain arte, %1,9koa du batez beste. Bada Ihesaldia-ren inguruko datu kezkagarri bat, gainera: 25 eta 44 urte arteko herritarren artean %0,5eko ikusle kuota izan du telesailak. Hobea izan da datua 13-24 urte arteko gazteen artean: %2,6koa.

Eskamak kentzen-ek (21.250 ikusle batez beste) baino datu txikiagoak izan ditu euskarazko fikzio berriak. Baina, 2015eko udazkenean, ETB1ek Aitaren etxea telesaila —1950eko hamarkadan girotua— eman zuen, eta lan hori Ihesaldia-ren datuetatik behera ibili zen.

Pausokaren balorazioa

Xabi Zabaleta Ihesaldia telesaileko gidoilari eta ekoizle eragileak balantze ona egin du: «Lan ona egin dugula uste dugu; egin diren ikerketetan emaitzak oso onak izan dira, eta kanpoan erakutsi dugunean harrera oso ona izan da. Gainera, dagoeneko badaukagu nazioarteko salmentetan arituko den banatzailea, lehen bi atalak ikusi ondoren akordioa sinatu genuen eta». Zabaletak gogorarazi du irailaren 23an hasi zituztela grabaketak, eta hiru hilabete eskasean amaitu dutela fikzioa. «Jakina, audientzia gehiago izatea gustatuko litzaiguke, baina gaur egun telesailen bizitza ez da lehen pasera mugatzen, eta ziur gaude Ihesaldia-k poztasun bat baino gehiago emango dizkigula». Itxaropenezko hitzak egin ditu Zabaletak: «Espero dugu etorriko diren euskarazko beste telesailentzako bidea irekitzen lagundu izana, euskaraz kontsumitzeko ohitura falta nabaria baitago. Ohitura horiek berreskuratzeko urteak eta proiektu erakargarriak beharko dira, unean uneko emaitzei gehiegi begiratu gabe».

Pausoka ekoiztetxea beste telesail bat egiten ari da ETBrentzat: Go!azen. Neska-mutikoei zuzendutako telesailak denboraldi honetan %4,3ko ikusle kuota izan du oraingoz. Gaur gauean denboraldiko laugarren atala emango dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Izuturik egon naiz; baina arrazionala da?»

Iker Tubia

Energia krisiaren eta klima aldaketaren aurrean, filosofia aldarrikatu du Basartek, erabaki eraginkorrenak hartzeko ezinbestekotzat jotzen baitu arrazoian oinarritzea. Altruismo eraginkorrean aritzen da orain.
Erreserbetan bermeak eskatzen hasi dira hainbat jatetxe. ©BERRIA

Bezeroak etorriko diren esperoan

Unai Etxenausia

Jatetxeei galera nabarmena ekar diezaieke bezeroek erreserba bat egin, ez direla joango abisatu ez eta, azkenean, ez agertzeak. Horrelakoak ez gertatzeko, hainbat jatetxe bezeroei bermeak eskatzen hasi dira erreserba egiten duenean, bezeroak lotzeko eta galerak gutxitzeko.

La Zurdako kide Andrea Ganuza, bere komikia aurkezten, La Zurda Berria jaialdian, maiatzaren 24an. ©MIRARI ETXABARRIA

Artearen jaialdia, denen esku

Itsaso Jauregi

Iruñeko La Zurda Berria jaialdian tailerrak eta arte erakusketak egin dira maiatzaren 26tik ekainaren 10era. Esperimentatzeko espazio seguru bat sortzea da helburua.

Atal berria du estilo liburuak: ikus-entzunezkoena. ©BERRIA

BERRIAren estilo liburuan atal bat sortu dute ikus-entzunezkoei buruz

Urtzi Urkizu

Irizpideak landu dituzte belarrirako nola idatzi, nola ahoskatu eta azpidatziak nola egin zehazteko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...