Teknologia

'Itzuli' itzultzaile neuronalaren telefonorako bertsioa aurkeztu dute

Android eta iOS sistemetarako bertsioak ditu, euskaratik gaztelerara eta alderantziz itzultzen du, eta testu idatziarekin zein ahotsarekin dabil.

Edu Lartzanguren.
2019ko abenduaren 20a
20:56
Entzun

Duela bi hilabete aurkeztu zuten Itzuli itzultzaile neuronalaren Interneteko bertsioa. Gaur goizean, berriz, hurrengo urratsa erakutsi dute Donostian: giza burmuinaren ahalmena imitatzen duen itzultzailearen telefonorako bertsioa.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Xabier Arrieta Informatika eta Telekomunikazio zuzendariak aurkeztu dute aplikazioa. Esan dutenez, weberako bertsioak arrakasta handia izan du: egunero 50.000 itzulpen egiteko eskatzen dizkiote, eta azken hilabetean milioi bat itzulpen egin ditu.

«Bi hizkuntzak beren eguneroko bizitzan erabiltzen dituztenei tresna berritzaile eta eraginkor bat eskaintzea» izan da helburua, Zupiriak esan duenez. «Itzuli-ren web bertsioaren datuek erakutsi digute bi hizkuntzetan bizi diren milaka lagunentzat baliagarritasun handiko tresna dela». Edonola ere, batez ere gazteen artean telefonoaren erabilerak ordenagailuari aurrea hartu diola iritzita, «uste genuen zerbitzua app baten bidez ere eskaini behar zela».  

Android eta iOS sistema eragileetarako bertsioak ditu Itzuli-k. Ordenagailurako bertsioak bezala, euskaratik gaztelaniara eta alderantziz itzultzen du. Edonola ere, itzulaldi bakoitzean gehienez 4.000 karaktereko testuak itzul daitezke, baina nahi adina saio egin ahalko dituzte erabiltzaileek. Testuak tekleatu, itsatsi, edo audio gisa sar daitezke. Jaurlaritzako ordezkariek esan dutenez, ahotsaren bidez sartutako testuen kasuan, «aplikazioak hobetzeko tartea handia du oraindik», batez ere iOS sisteman, Applek «euskara bere hizkuntzen artean aintzat hartzen ez duelako oraindik», Arrietak azaldu duenez.

Telekomunikazio zuzendariak esan duenaren arabera, gaztelania-euskara itzulpenak ohikoagoak dira alderantzizkoak baino, bi aldiz gehiago gutxi gorabehera. Edonola ere, euskara-gaztelania itzulpenetan «kalitatea hobea» dela argitu du. Itzuli-ren erabilera «egunez egun hazten» ari dela gaineratu du. Egunean 9.000 erabiltzaile ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.