Jaurlaritzak armen salerosketa baldintzatzeko eskumenak badituela esan du OEEk

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma kritiko agertu da aditu talde batek Jaurlaritzarentzat azaroan egindako txostenarekin. Gogora ekarri du gobernuak legez debekatuta daukala armen ekoizpenean, finantzaketan eta merkaturatzean laguntzea.

Ongietorri Errefuxiatuak plataformaren agerraldia, gaur. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2019ko abenduaren 20a
18:06
Entzun

Eusko Jaurlaritzak esan duen baino gehiago egin dezake armen ekoizpena, finantzaketa eta salerosketa murrizteko: badauzka eskumenak sektorea baldintzatzeko. Hala azpimarratu du gaur OEE Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, Bilbon egindako agerraldi batean. Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza Idazkaritzak orain hilabete aurkeztutako Arma merkataritza eta esportazioa Euskadin txostenaren balorazioa egin dute: «armagintza zuritzea» egotzi diete dokumentuaren egileei, eta berori baztertzeko eskatu diote gobernuari. «Ezin da onartu kode etiko bati atxikitzea lasai erail ahal izateko». 

Jaurlaritzak eskatuta, aditu talde batek egin zuen txostena. Ondorio nagusia da EAEko erakundeek ez dutela eskumenik armen ekoizpena eta salerosketa arautzeko, eta, beraz, ezer gutxi egin dezaketela sektorea kontrolatzeko; adibidez, armen esportazioa batez ere itsasotik egiten da, baina euskal instituzioek ez dute ahalmenik itsas merkataritzan eta portu handien kudeaketan. Hori ikusirik, autoerregulaziora jotzea proposatu zuten txostenean: «oinarrizko jokabide eta gardentasun kode bat» sortzea armagintza enpresentzat.

OEE ez dago ados ondorio horiekin. Eskumenei buruzko ikuspegi mugatua jaso dute txostenean, Jokin Alberdiren arabera: «Badakigu eskumenen banaketa konplexua dela eta aukera gutxi dagoela NBEren eta EBren zigor sistemetan eragiteko, baina, hala ere, uste dugu gure agintariek gehiago egin dezaketela». Erantsi du Jaurlaritzak eskumenak dituela, besteak beste industria politikan, lankidetzan eta ekonomiaren antolakuntzan.

Are, gogora ekarri dute Eusko Legebiltzarrak 2007an onartu zuela Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren Legea, eta, haren arabera, gobernuak ezin duela armagintza lagundu. Honela dio lege testuak: «Enpresak lagundu eta sustatzeko politikan, Eusko Jaurlaritza ez da inolaz ere elkarlanean arituko armen ekoizpen, merkaturaketa eta finantzaketan ari diren pertsona fisiko edo juridikoekin». «Lege hori betearazi ordez, moldatzea proposatzen du txostenak, egungo egoerara egokitzeko. Lotsagarria da», esan du Luis Arbidek. Dokumentuaren egileen ikuspegia ere kritikatu du: «Ematen du Jaurlaritza behatzaile soila dela».

Diru laguntzekin jokatu

OEEk, berriz, beste abiapuntu bat proposatu du. «Gure ustez, eztabaida ezin da izan armagintzaren negozioa etiko bihurtzea; giza eskubideen defentsaz ari gara», azaldu du Alberdik. «Ez dugu nahi Jaurlaritzak txostena betetzea, baizik eta legea betetzea». Jaurlaritzaren eskumenetan sartzen diren jardun batzuk aipatu ditu: «Enpresa horiei ezin zaie diru laguntzarik eman jarduera nazioartekotzeko, eta ezin zaie erosketa publikoetako lehiaketetan parte hartzen utzi».

Argitu dute neurri horien helburua ez dela enpresa horiek desagerraraztea, baizik eta euren jarduna aldaraztea: «Administrazioek emandako diru laguntza guztiek xede izan behar dute enpreson jarduera eremu zibilera berbideratzea». Alberdiren hitzetan, ez da berria: «Gernikan, adibidez, armagintzan aritzen ziren enpresa pila bat zeuden duela hamarkada batzuk, eta egun ez da armarik ekoizten bertan: denek moldatu dute jarduera». Arbidek gaineratu du ez litzatekeela zaila: «Gipuzkoako Sapa izan ezik, EAEn armak egiten dituzten enpresa guztiak dualak dira, hau da, gai militarrak ez ezik, zibilak ere fabrikatzen dituzte». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.