Kuba

Manuel Marrero Cruz lehen ministro hautatu du Kubako Batzar Nazionalak

Kubak ez zuen lehen ministrorik, 1976ko konstituzioa onartu zuenetik. Marrero Cruz Turismo ministro izan da 17 urtez.

Manuel Marrero Cruz, Kubako lehen ministro izendatu berri, Habanan, Batzar Nazionalaren osoko bilkuran. YANDER ZAMORA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 21a
21:40
Entzun

Kubako Batzorde Nazionalak aho batez hautatu du lehen ministro Manuel Marrero Cruz, eta bera izango da Ministro Kontseiluko buru berria. Miguel Diaz-Canel presidenteak proposatu du kargurako. Lehen ministro berria Turismo sektorean jarduna da gobernutik kanpo ere. Hainbat hoteletako zuzendaritzetan aritua da Varaderon eta ekialdeko probintzietan. 56 urte ditu, eta arkitektoa da ofizioz. Batzarrak Ministro Kontseiluko gainerako kideak ere aukeratu ditu, gaur.

Diaz-Canelek Marrero Cruzen "apaltasuna, zintzotasuna, lanerako gaitasuna, sentsibilitate politikoa eta alderdiarekiko eta iraultzarekiko fideltasuna" goraipatu ditu. Presidenteak nabarmendu egin du Turismo Ministerioan egin duen lana ere. Gaineratu duenez, eskarmentu handia du atzerriko eragileekin negoziatzen, nazioarteko ekitaldi ugaritan parte hartu du eta hizketarako trebezia du.

Horrez gain, Kubako Batzar Nazionalak IX. legealdirako kronograma ere onartu du. Presidenteak adierazi du politika monetarioaren antolaketa lehentasunezko eginbeharra izango dela, baina ukatu egin du gobernua aztertzen ari den neurri sorta urtarrilaren 1ean indarrean jarriko dela. Diaz-Canelek jakinarazi du urratsa emateko proiektua aurreratuta duela gobernuak. "Prozesu hau ez da moneta truke bat, eta, beraz, baieztatzen du bermatuta daudela herritarren deposituak eta eskudirua".

Kubak diskriminazioaren kontrako hainbat arlotan legeak onartzeko prestatu behar duela ere adierazi du presidenteak. Zehazki, indarkeria matxista, arrazakeria, animaliekiko tratu txarrak eta sexu aniztasuna aipatu ditu. Diaz-Canelek batasuna eskatu du urrats horiek emateko. "Ezin zaigu oharkabean pasa justizia soziala batuta lortuko dugula soilik eta ez gizartea zatitzen".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.