Komunikazioa

Kalean da 'Nòs Diario' galizierazko egunkaria

Bere lehen alea gaur argitaratu du galizierazko egunkari bakarrak. 3.000 harpidedun ditu.

jarraia175682.png
Iosu Alberdi.
2020ko urtarrilaren 2a
20:19
Entzun

«Nòs Diario: o soño que virou nunha realidade (Nòs Diario: errealitate egin zen ametsa)». Horixe da galizierazko Nòs Diario egunkariaren webgunera sartu eta irakur daitekeen lehen titulua. Urte berriarekin batera, egunkariak gaur atera du bere lehen zenbakia. Galiziako Gobernuaren politika demografikoa, autobideetako ordainsarien igoera eta PSOEko Pedro Sanchezen inbestidura izan dituzte hizpide euren lehen azalean. Aktualitateari zuzen helduz hasi dute, beraz, euren ibilbidea.

Sustraiak Sermos Galiza astekarian dituen proiektua da, eta asteartetik larunbatera argitaratuko dute. 32 orrialde izango ditu astean zehar, denak koloretan. Larunbatetan, berriz, 64 orrialde; horietako 32 asteburuko gehigarri batenak. BERRIAk Maria Obelleiro zuzendariari eginiko elkarrizketan, hark adierazi zuen galegozko egunkari baten eskaerari erantzuna emateko asmoa dutela: «Galiziako hamabi egunkarietatik bakar bat ere ez da galegoz. Galiziera anekdotikoa da haientzat. Anormaltasun historiko hori bukatzen lagundu nahi genuen». Helburu hori lortzeko asmoz, 3.000 harpidedunen babesarekin abiatu dira.

Bi urteko prozesu baten ostean, erredakzio berria urrian hasi zen egunkariari itxura ematen, Sermos Galiza-ko kazetari eta diseinatzaileen taldera kide berriak elkartzean. Talde txikiak ekin dio abenturari, egunkariko lantaldea hamazazpi kidek osatzen baitute, kolaboratzaileez gain: hamabi kazetari, bi maketatzaile, argazkilari bat, zuzendariordea eta zuzendaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.