Katalunia

«Proposamen guztiez» hitz egiteko mahaia adostu dute ERCk eta PSOEk

ERCren Kontseilu Nazionalak oniritzia eman dio PSOErekin adostutako akordioari. Publiko egin dute bi alderdiek adostutako dokumentua. Goizean, Torrak Aragonesi jakinarazi dio Kataluniako Gobernuak ez duela bere egiten ERCren eta PSOEren arteko akordioa. Sanchezek nahitaezkoa du EH Bilduren abstentzioa presidente izateko.

Pere Aragones ERCko koordinatzaile nagusia, Kontseilu Nazionalaren erabakiaren berri ematen. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urtarrilaren 2a
01:06
Entzun

ERCren Kontseilu Nazionalak ontzat jo du Kataluniako alderdi errepublikanoak PSOErekin adostutakoa. Beraz, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak urrats handia eman du gobernu berria eratu ahal izateko. Akordioaren arabera, ERC abstenitu egingo da Sanchezen inbestiduran, eta hark konpromisoa hartuko du Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahai bat eratzeko. Mahai horretan, Kataluniaren autodeterminazio eskubidea defendatzeko heldulekua izango du Generalitateak, gobernuek «askatasunez» aurkeztu ahal izango baitituzte «Kataluniaren etorkizunari buruzko proposamenak», eta «proposamen guztiak» aintzat hartuko dituen «elkarrizketa irekia» adostu baitute aldeek. Horrez gain, lausotu egin da PSOEk elkarrizketarako muga Espainiako Konstituzioan ezartzeko eskaria. Azkenean, «ordenamendu juridiko demokratikoa arautzen duten erremintekiko eta printzipioekiko errespetua» izango da joko zelaia.

Dokumentuak bi puntu nagusi ditu. Lehenengoak, Kataluniako «gatazka politikoa» aitortzen du, eta adierazten du soilik «bide demokratikoetatik eta elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bidez» gainditu daitekeela. Bigarren puntuan gatazka politikoaren konponbidea lortzeko «aldebiko elkarrizketa mahaia» bultzatzeko konpromisoa hartzen du PSOEk. Kataluniako eta Espainiako gobernuak eseriko lirateke mahai horretan, eta Espainian gobernua osatu eta hamabost egunera jarriko litzateke abian.

Bi gobernuak akordiotara iritsiko balira, horiek galdeketa bidez onartu beharko dituzte Kataluniako herritarrek, egungo legediak aurreikusten dituen bideetatik edo aurreikus ditzakeenetatik.

Independentistek «bermeak» eskatu zizkioten PSOEri mahaia «eraginkorra» izan dadin, baina neurri horiek zehaztu gabe gelditu dira. Mahaiaren egutegia ez dago finkatuta, eta testuak dioen bakarra da gobernuek bileretarako baldintza zehatzak ezarriko dituztela, baita mahaiaren jarduna eta akordioak beteko direla ziurtatzeko mekanismoak ere.

Goizean, ERCk akordioa onartu eta edukia publiko egin aurretik, elkarrekin bildu dira Quim Torra Kataluniako presidentea (JxC) Pere Aragones presidenteordea (ERC), eta bilerak agerian utzi du Kataluniako Gobernuaren baitako krisia. Hainbat hedabidek Presidentetzako iturriak aipatuta jakinarazi dutenez, Torrak «argi utzi» dio Aragonesi akordioak ez duela Generalitatearen oniritzia, eta, beraz, ez dela loteslea harentzako. Presidenteak nabarmendu du ituna «alderdian artekoa» dela, eta ERC gobernuari buruz aritu dela gobernuaren iritzia bildu gabe.

ERCren eta PSOEren arteko akordioaren ondorioz, tentsioa areagotu egin da beste behin ere Kataluniako Gobernuko kideen artean, lehendik ere mesfidantzek eta ezin ulertuek zaildutako harremanean.

Torrak presidenteordeari nabarmendu dio ezin dela ezer ere negoziatu Madrilekin «Generalitatearen bizkarrera», eta gaineratu du gobernuen arteko edozein negoziaziok independentzia lortzeko «bozketa argi bat» izan behar duela helburu.

Aragonesek, berriz, autodeterminazio eskubidea elkarrizketa mahaian elkarrekin defendatzea proposatu dio Torrari. Aragonesen iritziz, akordioa bat dator gobernuan adostutako jarrerarekin, Generalitateak «baldintzarik gabeko elkarrizketa» eskatu ziolako Espainiako Gobernuari.

Gobernuko bi agintari nagusiak bilduta zeuden bitartean, ERCren eta PSOEren arteko akordioak bi alderdi independentista nagusien arteko harremana zaildu duela onartu du Laura Borrasek, JxCren Espainiako Kongresuko bozeramaileak. Hala ere, gogorarazi du gobernua oztopo ugari gainditzeko gai izan dela iraganean, eta «zuhurrak» izatera deitu du. Borrasen iritziz, akordioaren edukia eta ERCren jarrera argitu arte itxaron behar da horiek Generalitatean izango duten eragina zein izango den jakiteko. «Harrigarria litzateke kideetako batek Espainiako Gobernuari egonkortasuna eman nahi izatea, eta ezegonkortasuna sortu nahi izatea Kataluniako Gobernuan», adierazi du. Borrasen esanetan, akordioaren edukiaren arabera erabakiko du Torrak elkarrizketa mahaian parte hartu ala ez. Dena den, ohartarazi du mahai horretara ezin dela joan Kataluniako gatazka «kronifikatzera».

EH Bilduren abstentzioa, nahitaezkoa

ERCren abstentzioa ziurtatuta, aurrerapauso handia eman du Sanchezek Moncloarako bidean, baina ez du nahikoa. Oraingoz, aldeko 165 boto ditu ziurtatuta, eta kontrako 164. Bere botoa erabaki gabe dute oraindik BNGk (1), Teruel Existek (1), Coalicion Canariako bi ordezkarietako batek eta EH Bilduk (5). Beraz, PSOEk derrigorrezkoa du EH Bilduren abstentzioa lortzea gobernua osatu ahal izateko. EH Bilduko militanteek izango dute koalizioaren botoaren gaineko erabakia. Bihar eguerdira arte izango dute epea barne galdeketan parte hartzeko.

Koalizioko zuzendaritzak abstentzioaren alde egin du, eta aukera horren alde mintzatu da Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea gaur goizean Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. Uste du koalizioak hautu hori egin behar duela, «erantzukizunagatik»: «Eskuinak gobernatzea eragozteaz gain, aukera bat ireki daiteke; eszeptizismorik handienetik, agenda demokratizatzaile bati heldu eta nazioaniztasuna eta autodeterminazioa landu genitzake, baita konponbiderako espetxe politika bat ere».

ERCren eta PSOEren akordioari dagokionez, negoziazio mahai bat osatzeko aukera azpimarratu du Otegik: «Euskal Herriak ere izan beharko luke elkarrizketa mahai bat Estatuarekin, euskal gatazkari heltzeko».

Espainiako eskuineko indarrak, berriz, Sanchezen gobernua oztopatzeko ahaleginetan murgilduta daude. Ciudadanoseko buru Ines Arrimadasek iragarri du Sanchezekin kritikoak diren PSOEko baroiei deituko diela Sanchez geldiarazteko presio egin dezaten. PRCri eta Teruel Existeri ere deituko diela aurreratu du.

Era berean, larritasunez mintzatu da PP Sanchezek gobernua eratzeko bilatu dituen babesei buruz. Teodoro Garcia Egea PPko idazkari nagusiaren esanetan, eskura dituzten «baliabide guztiekin» geldiaraziko dute ERCrekin «adostutako erreferenduma».

Torraren inhabilitazioa

ERCren eta PSOEren arteko akordiotik harago, Katalunian legegintzaldi amaiera eta hauteskundeetarako deialdia aurreratu ditzake Torraren balizko inhabilitazio batek. Espainiako Hauteskunde Batzordeak bihar aztertuko du PPk eta Ciudadanosek presidentea inhabilitatzeko eginiko eskaria. Alderdi unionistek argudiatu dute Torra desobedientziagatik zigortuta dagoenez —hauteskunde kanpainan xingola horidun parkarta bat Generalitatearen jauregitik ez kentzeagatik kondenatu du Kataluniako Auzitegi Nagusiak—, ezin duela diputatu izaten jarraitu.

Batzordeak eskariaren alde egingo balu, Torrak ezin izango luke presidente izaten jarraitu, nahiz eta haren kontrako epaia oraindik irmoa ez izan —Espainiako Auzitegi Gorenak du azken hitza—. Kataluniako presidenteak aurreratu du batzordeak diputatu kargua kentzea erabakiz gero, Kataluniako Parlamentuaren esku utziko duela bere egoera,konfiantza mozio baten bidez.

JxC eta ERC ez datoz bat balizko inhabilitazio baten aurrean hartu beharreko erabakietan. Ez dute adostu Torraren lekua Aragonesek hartuko lukeen ala JxCeko diputatu bat izango litzatekeen haren ordezkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.