Merkataritza

ELAk lanuzteak egingo ditu etzi Nafarroan, saltokiak igandeetan irekitzearen aurka

Langileen atsedenerako eskubidea aldarrikatuz, elkarretaratzeak egingo ditu igande goizean Iruñeko Karlos III.a etorbidean eta Uharteko Itaroa merkataritza gunean.

ELAren agerraldian, Olaia Alonso, AInhoa Urkia eta errege magetako bat, sektoreen langileen gutunak eskuan. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2020ko urtarrilaren 3a
20:17
Entzun

Errege magoek ere bat egin dute aldarrikapenarekin. «Egunotan nahiko lanpetuta gaude, baina sektoreko langileen gutun guztiok argi adierazten dute ez dutela urtarrilaren 5ean lan egin nahi. Saltoki handietako ateak irekita, langileen baldintzak okertzen ditu, eta haien eskubideak urratzen». ELAren prentsa aretora sartu da hiru errege magoetako bat, eta babesa adierazi dio sindikatuaren aldarrikapenari, «justifikatuta dagoelako».

Igande honi begira, Itaroako Hipercor saltoki handiak ateak ireki nahi ditu 22:00etara arte, egun osoan, eta, ondorioz, merkataritza gune hori irekita egongo da. Horregatik, ELAk elkarretaratzea egingo du bertan, 12:00etan. Iruñean, Karlos III.a etorbidean egingo dute beste protesta, saltoki handi ugari biltzen baitira bertan. Lehenik eta behin, zabalik egoten diren saltokietan egoeraren inguruko informazioa banatuko dute. Era berean, sektoreko langileek urte honi begirako nahiak eta asmoak utziko dituzte etorbidearen erdialdean dagoen Eguberrietako zuhaitzean. Azkenik, 12:30ean elkarretaratzea egingo dute Gurutzeko plazan. Iruñerri hegoaldean, Cordovillan, Morea gunea ez dute zabalduko.

Nafarroako 2001eko merkataritza legeak aukera ematen du urteko jaiegun jakin batzuetan irekitzeko, eta, aurtengo, Nafarroako Merkataritza Kontseiluak hamar jaiegun proposatu ditu, tartean urtarrilaren 5a. Beste jaiegunak hauek dira: martxoaren 9a, apirilaren 9a eta 10a (Aste Santua), uztailaren 5a, abuztuaren 15a, urriaren 12a, abenduaren 3a, abenduaren 7a eta tokiko festa egun bat. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2005eko dekretu batek gehienez zortzi egun irekitzeko aukera ematen badu ere, ez da jaiegunetan lan egiten, sindikatuen presioaren ondorioz.

ELAren proposamena

Nafarroan, egoera bestelakoa da. Horregatik, urtarrilaren 5aren atarian izanik,  ELAk gainerako sindikatuei proposatu die jaiegunetan ateak irekitzearen aurkako protesta egitea. Sindikatuaren arabera, CCOOk eta UGTk ez dute bat egin, «estatu espainiarrean jaiegun gehiagotan irekitzen dutelako». ELAko Olaia Alonso eta Ainhoa Urkiaren arabera, sektore guztiak bete beharreko neurri lotesleak lor daitezke sektoreari begirako akordio bat hitzartuz gero: adibidez, astelehenetik larunbatera lan egiteko egutegia zehaztu daiteke, jaiegunik gabe. «Horrek eragotzi egingo luke jaiegunetan irekitzea», argudiatu dute.

ELAren arabera, jaiegunetan irekitzeak ez du jarduera ekonomikorik handitzen edo lanposturik sortzen: «Jendeak ez du gehiago erosten ordu gehiago irekitzeagatik», azaldu du Urkiak. Era berean, ez dute uste kontsumitzaileei askatasuna ematen zaiela, saltoki txikiek ezin dutelako egun gehiago ireki eta handiekin lehian jardun. «Balizko eskaera artifiziala da, sinetsarazi nahi digutelako eskubideak irabazten ditugula», azpimarratu dute. ELAko ordezkariek gogorarazi dute langileen lan baldintzak okertzen dituela, atseden hartzeko egunak kentzen baititu, eta lana euren bizitza pertsonalarekin uztartzea zaildu.

Nafarroako Gobernuaren jarrera ere kritikatu dute. Merkataritza Kontseiluak proposatutako egunak legeztatzen ditu, lan arloko afera dela esanez. «Hori gezur hutsa da. Zer eredu komertzial eta sozial nahi du?». ELAren ustez, mobilizazioa da bidea, eta herritarrei dei egin die jaiegunetan ez kontsumitzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.