Katalunia

Puigdemontek ERCri eskatu dio gobernuen arteko elkarrizketaren baldintzak elkarrekin zehazteko

Puigdemonten eta Cominen kontrako euroagindua bertan behera uztea galdegin dio Espainiako Estatu Abokatutzak Llarena epaileari.

Carles Puigdemont Kataluniako presidenteorde erbesteratua, Waterloon (Belgika), hedabideei adierazpenak egiten, iazko urriaren 1ean. OLIVIER HOSLET, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urtarrilaren 3a
19:03
Entzun

ERCren eta PSOEren arteko inbestidura akordioari buruzko iritzi eta balorazioak bata bestearen atzetik iritsi dira, ituna ezagutzera eman ondorengo egunean. Kataluniako errepublikanoen eta alderdi sozialistaren arteko adostasunari esker, Espainian gobernua eratzeko zuen korapilorik handiena askatu du Pedro Sanchez Espainiako gobernuko presidenteak, baina akordio horrek berak gobernu krisia eragin du Katalunian, Generalitatean koalizio kide diren JxCren eta ERCren artean.

Quim Torra presidenteak (JxC) akordioari buruzko azalpenak eskatu zizkion atzo Pere Aragones presidenteordeari (ERC) bilera batean, eta jakinarazi zion Kataluniako Gobernuak ez duela bere egiten bi ERCk eta PSOEk adostu dutena. Gaur, berriz, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia (JxC) mintzatu da Belgikatik, erbestetik, eta ERC deitu du Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahai batek bete beharko lituzkeen baldintzak elkarrekin adostera.

Puigdemonten esanetan, hori da ERCk PSOErekin akordioa itxi aurretik egin behar zuena. "JxCk ez ditu oztopatu ERCren eta PSOEren arteko negoziazioak, informazioa jasotzeko zain egon da. Inork ez du halakorik egin, akordioa itxita egon den arte. Uste dut errespetu eta leialtasun handiagoa merezi ditugula, guk akordioan parte hartzea nahi izanez gero".

ERCren jarrera okerra izan dela iritzi arren, Puigdemontek beharrezkotzat jo du alderdi independentistek "politika egiten" jarraitzea "elkarrenganako errespetuarekin". Adierazi duenez, "akatsa zuzendu" daiteke indar independentisten arteko mahai bat eratuz gero, "estatuarekin negoziatzeko mahaian izan beharreko edukiak eta akordioak" erabakitzeko. "Hortik hasi behar genuen", gaineratu du.

Puigdemontek nabarmendu du orain arte Kataluniako prozesu subiranistaren "aldi erabakigarriak" adostasun "oso zabal" baten bidez erabaki direla. "Horrek, momentuz, hala izateari utzi dio".

Marta Vilalta ERCko idazkariorde nagusiak RAC1 irratian egin dioten elkarrizketan aitortu du ez dutela JxC informatu alderdi errepublikanoak nahiko lukeen bezala, eta gaineratu du PSOErekin izan dituzten negoziazioen azkartasunak eta diskrezioak behartuta jokatu behar izan dutela. Dena dela, nabarmendu du Aragonesek Torra informatu zuela bi agintariek atzo egin zuten bileran. Vilalta ziurtzat jo du Generalitateak negoziazio mahaian parte hartuko duela Espainiako Gobernuarekin batera. "Ziur nago ez dugula erreminta hori erabilgarri bihurtzeko aukera alferrik galtzen utziko". Vilaltaren iritziz, Kataluniako Gobernuak autodeterminazioa eta amnistia defendatu behar ditu mahai horretan.


Toni Comin eta Carles Puigdemont, Bruselan, Europako Parlamentuaren atarian, eurodiputatu egiaztagiria kazetariei erakusten, joan den abenduaren 20an. STEPHANIE LECOCQ / EFE

Estatu Abokatutzaren eskea

Puigdemonten eta Toni Comin Kataluniako kontseilari ohiaren kontrako euroagindua bertan behera uzteko eskatu dio Espainiako Estatu Abokatutzak Espainiako Auzitegi Gorenari. Abokatutzak Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren epai batean oinarritu du eskaria. Epai horretan, Puigdemonti eta Comini eurodiputatu izaera aitortu die Luxenburgoko auzitegiak, eta, beraz, immunitatea dagokiela ebatzi du. 

Belgikako Justiziak Puigdemonten eta Cominen kontrako euroagindua baztertu duela jakin ondorengo egunean aurkeztu du idatzia Abokatutzak. Auzia aztertu duen Bruselako lehen isntantziako epaileak EBko Jusitizia Auzitegiaren epai bera hartu du aintzat euroagindu eskaria alboratzeko. Hala, Belgikako Justiziak bertan behera utzi du Pablo Llarena instrukzio magistratuak Puigdemonten eta Cominen aurka aurkeztu duen hirugarren euroagindua ere.

Estatu Abokatutzak Comin eta Puigdemont epaitu ahal izateko neurriak eskatu dizkio, halaber, Llarenari. Europako Parlamentuan suplikatorioa aurkeztea galdegin dio, ganberak bi eurodiputatuen zigorgabetasuna indargabetu dezan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.