ACB liga

Baskoniak ez du Kopa jokatuko

Galdu egin du Manresaren aurka etxean, eta batere aukerarik gabe geratu da Kopara sailkatzeko, jardunaldi bat falta bada ere oraindik ACB ligako lehen itzulia amaitzeko. 

jarraia175819.gif
Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 5a
21:47
Entzun

Baskoniak kale egiten jarraitzen du, eta gaurkoa denboraldi honetako hamaikagarrena izan da. Galdu egin du Manresaren aurka etxean (79-80), eta ez du Kopa jokatzeko inolako aukerarik. Porrot egin du klubak denboraldiko lehen helburua ez duelako bete. Sei aldiz dauka irabazita Kopa Baskoniak, eta bederatzi bider izan da finalean. Jokatu ez zuen azkeneko aldia 2014-15 denboraldian izan zen, eta 1990etik laugarren aldia izango du aurtengoa Kopa jokatu gabe. 

Gaur eta azkeneko jardunaldian irabazi behar zuen Gasteizko taldeak Kopan egoteko, eta hori eginda ere ez zuen ziurtatua sailkatzea. Berehala zapuztu ditu, baina, aukera guztiak. Partida eskasa egin dute Dusko Ivanovicen jokalariek, ostegunean Bartzelonaren aurka Euroligan ez bezala. Pedro Martinezen taldeak, aldiz, buruarekin jokatu du, ustez etxekoak baino kalitate tekniko eskasagoak izan arren, eta Baskoniaren defentsako gabezia guztiak agerian utzi dituzte entrenatzaile kataluniarrak eta haren jokalariek. Erasoan ere kamuts ibili dira etxekoak, saskiratze errazak hainbatetan hutseginez. 

Ia partida osoan joan da aurretik Manresa, azkenera Baskoniak bizpahiru puntuko aldea zenbait aldiz lortu badu ere. Merezitako garaipena lortu dute horrenbestez kataluniarrek. 

Bilbo Basket, Kopa jokatzeko aukerekin

Bilbao Basket dago Kopa jokatzeko atarian. Zazpigarrena da sailkapenean oraingoz, eta hor bukatuko du jardunaldia baldin eta Valentziak bihar Real Madrilen etxean galtzen badu. Datorren astean erabakiko da bizkaitarrak Kopan izango diren edo ez. Haren esku dago, baina partida zitala du: Bartzelonaren pistan (igandean, 12:20). Galtzen badu, beste talde batzuen emaitzen zain egon beharko du Malagan (Espainia) egongo den edo ez jakiteko; otsailaren 13tik 16ra jokatuko da Kopa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.