Ekialde Hurbila

Iranek jakinarazi du ez duela akordio nuklearra beteko

Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak «konpromisoetara itzultzeko» eskatu diote Teherani. Irakeko Parlamentuak AEBen tropen irteera exijitu du.

Milaka herritar Teheranen, gaur, Soleimani jeneralaren hiletan. EFE
ander perez zala
2020ko urtarrilaren 6a
14:04
Entzun

Qassem Soleimani Irango Guardia Iraultzailearen jeneralaren heriotzak erreakzio zaparrada bat eragin du Ekialde Hurbilean. Atzoko gertakariak aztertzea besterik ez dago: egun berean, Iranek jakinarazi zuen ez duela akordio nuklearra beteko; Irakeko Parlamentuak Ameriketako Estatu Batuen (AEB) tropen irteera exijitu zuen; eta Kenyan hiru militar estatubatuar hil zituen Al-Shabaab muturreko talde sunitak.

Donald Trump AEBetako presidenteak agindutako hilketak are gehiago handitu du Washingtonen eta Teheranen arteko tentsioa, eta, Hassan Rohani Irango presidenteak eta Ali Khamenei aiatolak «mendekua» iragarri duten arren, oraindik ikusteko dago zer-nolakoa izango den Iranen erantzun militarra: armadaren edo Guardia Iraultzailearen bidez erantzungo duten, edo beste herrialdeetako milizia aliatuak arduratuko diren horretaz. Erantzuna bera militarra izango den ere ikusteko dago.

Ziurgabetasun horri gehitu behar zaio Trumpek Irani mehatxu egin diola balizko eraso baten inguruan, «52 helburu» jomugan dituela ohartarazita; kopuru hori ez da kasualitatea: 1979ko iraultzan 52 estatubatuar bahituta egon ziren Iranen, 400 egunez. Beraz, Teheranen erreakzio militarraren inguruan hipotesiak besterik ezin dira egin.

Oraingoz, Iranen lehen pausoa izan da akordioa nuklearra ez duela beteko jakinaraztea. Iaz eman zituen lehen pausoak ituneko konpromiso batzuk ez errespetatzeko —Trumpek AEBak akordiotik atera zituelako, 2018an—, eta azkenean, Soleimaniren heriotzaren ostean, pauso erabakigarriena eman du.

Teheranek bultzada handia jaso du gaur herritarren partetik. Soleimaniren gorpua Iranen da jada, eta gaur egin dute hileta. Irango hiriburuaren kaleak bete egin dira Guardia Iraultzailearen jenerala zenari azken agurra emateko, eta, Reuters berri agentziaren arabera, gaurkoa 1989tik izandako elkarretaratze jendetsuena izan da —Ruhollah Khomeini errepublikaren sortzailea hil zen urte horretan–. Oihuen arten, «Amerika hil» izan da oihartzun handiena izan duena.

Hassan Rohani presidentea eta Ali Khamenei aiatola —irudiaren erdian—, gaur, Teheranen, Soleimaniren hiletan. EFE

Ituna ez errespetatzeko erabakiaren aurrean, kezka handiarekin erantzun dute Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak, komunikatu bateratu batean: «Alde guztiei dei egiten diegu arduraz jokatzera. Irakeko biolentzia zikloak amaitu behar du. Ekintza biolentoak saihestu beharra dago». Hiru herrialde horiek akordio nuklearraren sinatzaileak dira, eta itun horretako «konpromisoetara itzultzeko» eskatu diote Teherani.

Europako Batasuna (EB) ere bide beretik mintzatu zaio Irani, eta Josep Borrell EBren diplomaziaburuak adierazi du «ituna errespetatzea inoiz baino beharrezkoagoa» dela Ekialde Hurbilaren egonkortasunerako. Agintaria iragan asteburuan mintzatu zen Javad Zarif Irango Atzerri ministroarekin, eta, gaur jakinarazi duenez, akordioa babestea «ezinbestekoa» dela helarazi zion.

Eskari horretaz jakitun dira Iranen, eta gobernuak atzo jakinarazi zuen akordioa beteko dutela AEBek bertan behera uzten badituzte errepublika islamiarraren aurkako zigor ekonomikoak. Halere, eskari horrek ez du etorkizun handirik izango, Trumpek Irani zigorrak ezartzeko atera baitzuen bere herrialdea akordiotik; gainontzeko sinatzaileak saiatu dira itunak bizirik irautea bermatzen, baina Teheranen atzoko erabakiak kolpe handia eman dio akordioari.

Hezbollahren mezua

Hassan Nasral Libanoko Hezbollah miliziaren buruzagiaren iritziz, «zigor justua» litzateke AEBen tropak Ekialde Hurbiletik botatzea. Soleimanik harreman handia zuen Nasralekin, Guardia Iraultzailearen atzerriko operazioez eta aliatuekiko harremanez arduratzen baitzen: «Pozik nago Qasem Soleimanirengatik. Atseden justua lortu du. Ez gaude haserre. Esaten ari gara bere odola AEBak eskualdetik botatzeko aukera bat dela, ondorioak egon arren», adierazi zuen atzo miliziaren buruzagiak.

Irakeko Parlamentuak ere hori bera eskatu zion Bagdadi, nahiz eta atzo onarturiko mozioa ez den loteslea. Adel Abdul Mahdik jarduneko lehen ministro iritzi berekoa da, eta orain hari dagokio Washingtonekin negoziatzea 5.000 soldaduen erretiroa edo akordioaren moldaketa.

Baina AEBetako presidentearen asmoek zaildu egin lezakete helburu hori, atzo jakinarazi baitzuen 3.500 soldadu bidaliko dituela Ekialde Hurbilera. Bi herrialdeen arteko ituna Estatu Islamikoari (EI) aurre egiteko adostu zen, eta, hortaz, ikusteko dago Irakeko lehen ministroak parlamentuaren eskaria beteko duen.

EIren aurkako nazioarteko koalizioko beste herrialdeak erretiro horren aurkakoak dira, eta hori agerian utzi du gaur Londresek, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren bozeramailearen bitartez: «Koalizioa Iraken dago irakiarrak Daexengandik babesteko. Irakeko Gobernuari eskatzen diogu koalizioa bere lana egiten jarraitzeko gai izan dadila».

Auzi horri begira, Nancy Pelosi AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak atzo jakinarazi zuen Trumpen ekintza militarrak «mugatzea» helburu duen ebazpen bat bozkatuko dutela «datozen egunetan». Agintari demokrataren arabera, Soleimani hiltzea «neurriz kanpoko» erabakia izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.