Soslaia

Beste agintari bat, ala bestelakoa?

Jarrera eta erabaki batzuetan badu ezohikotik Espainiako Gobernuko presidenteak, baina beste zenbaitetan ez zaizkio ñabardurak antzematen. Bidean erakutsi beharko du alde batera edo bestera jotzen duen.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 7a
15:59
Entzun

Ikasia da, liburu artean ibilia baita Pedro Sanchez (Madril, 1972): Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziaduna, eta hainbat masterren jabea —horietako bat, Iruñean egina—. Baina ikasi, politikan ikasi du. «Politikan ez da gauza politikan», esaten zuen Lazkao Txikik. Sanchezek ez du izango baieztapen haren berririk, baina ondo jabetuta egongo da bertsolariaren hitzen esanahiaz. Esperientzia izan du. Eman izan baitizkiote astindu handi askoak, nork eta PSOEko alderdikideek. Lan jakin baterako plazaren erdira eraman eta igo zutenek, beren interesen mesederako, azkar jaitsi zuten handik, ikusi zutenean ardia ez zela zuri-zuria, bazuela beltzetik ere.

2014an bilakatu zuten sozialisten arrosa kutun. Diotenez, Susana Diazi denbora eman nahi zioten alderdiaren buru egiteko. PSOEko baroien babesa zeukan Diazek: Felipe Gonzalezena, Alfonso Guerrarena eta enparauena. Larri zegoen PSOE; PP, goi-goian. Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan bi kolpe handi hartu zituen Sanchezek, 2015ean eta 2016an. Oposizioburu bilakatu zen, baina ez zuen asko iraun.

Dimisioa eman zuen, PSOEk eskatu zionean berma zezala Mariano Rajoyren gobernabidea, inbestiduran abstentziora jota. Ataka estuan utzi zuten alderdi barruko liskarrek, idazkari nagusia exekutibarik gabe utzi ere. Arrosa erabat zimelduta atera zen Kongresutik, diputatu karguari uko eginda. Ez da ohikoa politikari batek dimisioa ematea, baina hitza jan baino nahiago izan zuen albo batera baztertu.

Alderdikide arrunten lagun

Ez zuen alderdiko agintarien babesik, baina bai kaleko alderdikideena. Gerora, erabakigarria izan zen. Desagertu egin zen politikaren antzokitik, baina ez politikatik. Maite zutenengana gerturatu zen, eta, hondar ale asko batuz, hondartza egin zuen. «Erori ondoren, jaiki egin nintzen», dio Manual de resistencia biografian. Diazen eta baroien aurkako mendekua prestatzen ibili zen erdi ezkutuan, eta bai lortu ere, 2017an: irabazi egin zituen alderdi barruko primarioak. Diaz bera eta Patxi Lopez baino gehiago izan zen bozketan. Estimu handia diote alderdikide xumeenek. Hainbeste behar zuen berpizkundea izan zen hura alderdi sozialistarentzat.

Ez da atzean geratzekoa Sanchez, eta PSOEko idazkari nagusi kargua berriz lortu eta gero, prestatzen hasi zen aspaldiko beste amets baten bila joateko. «Espainiako presidente izango naiz egunen batean», esan zuen aspaldi, gaztetan. 20 urterekin eman zuen izena PSOEn, Madrilgo Udaleko zinegotzi izan zen 2004tik 2009ra, eta urte horretan sartu zen Espainiako Kongresuan, zerrendako hurrenkerak aukera eman ziolako, alderdiko beste diputatu batek kargua utzi ondoren.

Beti gorantz, beti gora begira bizi izan da Estudiantes saskibaloi taldeko jokalari ohia. «Talderako egokia zen. Ez zen saskiratzaile petoa, ezta errebote harrapatzaile abila ere, baina denean moldatzen zen ondo», deskribatzen dute taldekide izan zutenek. Politikarako egokia, beraz: denean eta denekin ondo konpontzeko gai. Baina hori bere horretan bakarrik ez da aski Espainiako presidentea izateko.

Bide berrien urratzaile

Hauteskundeak irabazi behar izaten dira, edo gehiengoaren olatuen norabideak aldatzen asmatu; esaterako, zentsura mozioak tarteko direla. Ahul zebilen PP 2018an, ahul Rajoy presidentea, ustelkeria kasuek itota. Orduan ikusi zuen aukera Sanchezek aspaldiko ametsa gauzatzeko, eta lortu zuen, oposizio taldeek elkar hartuta: Espainiako presidente zen. Gutxiengoan zegoen, baina.

Ezin hala gobernatu, eta hauteskundeetara deitu zuen apirilaren 28rako. Irabazi egin zituen Sanchezen PSOEk, gehiengo sinplearekin. Aliatuak behar agintea bermatzeko, baina ez zen horretarako gauza izan, edota beste alderdiek ez zioten aukerarik eman.

Bozak berriro, azaroaren 10ean, eta emaitza apalagoak lortu zituen Sanchezek, nahiz eta irabazi. Baina aurreko hilabeteetan ezin zena egina zegoen biharamunerako: akordioa Unidas Podemosekin, «ezkerreko neurriz» betetako programa bat oinarri hartuta. Orain ere ezberdin Sanchez: PSOEk lehen aldiz osatu du koalizioa ezkerreko alderdi batekin.

Gobernuko presidente izateko, baina, beste lan batzuk ere egin beharra zeukan Sanchezek, eta ez edonolakoak Espainiaren eta espainiarren ikuspegi historikoa aintzat hartuta: alderdi abertzaleen babesa lortu, edo kontrako botorik ez jaso, behintzat. Horretan ez da hain ezberdina izan aurretik presidente izandako batzuekin.

Baina baditu ezberdintasunak: eskuin muturra inoiz baino indartsuago azaldu da hauteskundeetan, eta Kataluniako auzia gori-gori dagoela, ezin esan ausarta izan ez denik. Gobernuko presidente izateko ametsa egonkortasun batez bete nahiak ez du mugarik izan, nonbait, harentzat.

Ikusteko dago hemendik aurrera zer bide hartuko duen: aurreko presidenteena, edo beste bat. Denborak esango du. Baina badu lana batzuekin eta besteekin hitz egiten. Ez zaio arrotza egingo. Bosnian aritu zen 1997tik urtebete pasatxoko tartean NBE Nazio Batuen Erakundearentzat lanean, serbiarren, kroaziarren eta bosniarren artean adostasun batzuk lortu nahian, 1995eko Daytoneko akordioan oinarrituta.

Temosoa izateko aholkatu zion Bosniako negoziazioen buruak, Carlos Westendorpek. Pazientzia izateko ere bai. Ez die beldurrik parean jarriko zaizkion egoerei, biografian esan duenez: «egoera zailetan eraldatzeko eta eraikitzeko espiritua» duela dio.

Erronka handiak dauzka aurrez aurre... heldu nahi badie. Haren inbestidura ahalbidetu dutenen ahotik ozen entzungo ditu gatazka politiko zaharrak behingoz konpontzeko eskariak. Hitzetan egin ditu aldaketa batzuk inbestiduran: Katalunian 155. artikulua ezartzearen alde azaldu zen, eta orain aitortu du «gatazka politikoa» dela Kataluniakoa. Hitzetatik harago, ekintzak eskatuko dizkiote gainerako alderdiek. Erabaki horiek jarriko dute Sanchez aurreko beste agintari batzuen multzoan edo beste muturrean: ausartenaren bandoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.