Oposizioak Juan Guaido izendatu du berriro Venezuelako behin-behineko presidente

Guaido parlamentura sartzea eragozten saiatu da Guardia Nazional Bolivartarra, baina hesia gainditzea lortu du.

Juan Guaido, atzo Caracasen eginiko agerraldian. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urtarrilaren 7a
18:32
Entzun

Oposizioko gehiengoak Juan Guaido aukeratu du berriro Venezuelako behin-behineko presidente. Saio malkartsua egin dute Venezuelako Batzar Nazionalean. Juan Guaido oposizioaren buruak esana zuen gaur egingo zutela Batzar Nazionalaren ohiko bilkura, igandean Luis Parra ganberako presidente hautatu izana kontuan hartu gabe, eta ezer gertatu izan ez balitz bezala. Bada, ez da posible izan: GNB Guardia Nazional Bolivartarrak parlamentura sartzea galarazi die Guaido eta hura babesten duten 100 diputaturi.

Saioa hasi eta minutu gutxitara, oposizioko diputatu batzuk sartu dira bilkura aretora, «ez dago quorumik, hau ez da legezkoa» oihukatuz. Horrek ez du oztopatu eztabaida, eta, Parra buru, agendako lehen puntua lantzen hasi dira: erregai eskasia. Guaidok «diktadorea» eta «koldarra» izatea leporatu dio Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari, Batzar Nazionala «militarizatzeagatik». Horrez gain, adierazi du ahal zuten "guztia" egingo dutela saioa egiteko. Batzar Nazionalera sartzeko ahaleginetan jarraitu du Guaidok, baita lortu ere. Poliziek osatutako segurtasun hesia gainditu du, eta, saioaren agintea hartuta, oposizioak Venezuelako behin-behineko presidente izendatu du, baita Batzar Nazionalekoa ere.

«Venezuelaren izenean, zin egiten dut behin-behineko presidente karguaren eginkizunak beteko ditudala, eta krisiari irtenbidea bilatuko diodala duin bizi ahal izateko eta Venezuelaren normaltasuna berreskuratzeko", adierazi du Guaidok.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.