Egoera ekonomikoa

Enpresariek aurreikuspen okerragoak dituzte urteko lehen hiruhilekorako

Laboral Kutxak enpresen konfiantzari buruz eginiko inkestaren emaitzen arabera, %54k uste dute egoerak bere horretan jarraituko duela, eta %4,6k hobetu egingo dela

Vicrilako langile bat beharrean. LUS JAUREGIALTZO / FOKU
xabier martin
2020ko urtarrilaren 8a
12:26
Entzun

Aurreko hiruhilekoan baino ezkorragoa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresarien ikuspegia, Laboral Kutxak enpresen konfiantzari buruz eginiko inkestan. Enpresek fakturazioaren harira dituzten aurreikuspenek okerrera egin dute 2020ko lehenengo hiruhilekoari begira: %52,4k diote salmentei eutsiko dietela, eta, %22ren ustez, fakturazioak hobera egingo du. Enpresen laurdenak baino gehiagok, ordea, uste dute fakturazio apalagoa egingo dutela urtarriletik martxorako epean.

Aurreko adierazlearekin bat, eta 2020ko lehen hiruhilekoan espero den jardueraren bilakaera ikusita, %57,2k uste dute ez dela aldaketarik egongo, eta %10,4k hobera egingo duela. Alabaina, %32,4k uste dute jarduerak okerrera egingo duela, eta portzentaje hori aurreko hiruhilekoan baino nabarmen handiagoa da.

Erantzun horiek ikusita, zalantza bat sortu zaie Laboral Kutxako analistei: "Zer portaera izango dute saldutako kopuruek eta prezioek, hau da, fakturazioaren eta jardueraren inguruko aurreikuspenen oinarrian dauden gakoek?". Bada, kreditu kooperatibako adituek diote eskaerak okerrera egingo duela. Inkestari erantzun diotenen %54,9k uste dute bolumenean ez dela aldaketarik egongo, eta %19k, hobera egingo duela. Enpresen %26,1ek, ordea, uste dute eskaeren bolumenak behera egingo duela.

Enplegua ere okerrera

Prezioei dagokienez ere, emaitzek okerrera egin dute: inkesta egin dutenen hiru laurdenek uste dute prezioek bere horretan jarraituko dutela lehen hiruhilekoan. Gainerako enpresen artean, %9,4k erantzun dute prezioak igo egingo direla eta %16,2k behera egingo dutela. Errentagarritasunaren inguruko aurreikuspenei dagokienez, enpresarien %64,3k «berdin» jarraituko duela uste dute; galdekatutako enpresarien %12,9ren iritziz, berriz, handiagoa izango da; eta %22,8k etekin txikiagoak espero dituzte.

Datu horien guztien arabera, egoera aurreko hiruhilekoan baino okerragoa da, eta badirudi enpresek ez dutela asmorik ahalmen produktiboari eusteko eta, azken finean, langileen kopurua handitzeko. Albiste txarrak dira enpleguarentzat. Enpresen %78,7k erantzun dute enpleguan ez dutela aldaketarik espero; %10,9k, lantaldea handitzeko "itxaropena" dutela, eta %10,4k, guztiz kontrakoa: murriztu egingo duela.

Inbertsio bolumenari dagokionez, berriz, enpresen %67,1ek uste dute eutsi egingo diotela 2020ko lehen hiruhilekoan. Eta %14,4k espero dute inbertsio-bolumenak gora egitea. Horrenbestez, gainerako % 8,5ek uste dute behera egingo duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.