ATLETISMOA

Hellen Obiri izango da berriro Elgoibarko Kroseko izarra

Atleta kenyarrak irabazi egin zuen iaz Mintxetan, eta, ondoren, munduko txapeldun izan zen krosean eta 5.000 metrokoan. 

Hellen Obiri, irabazle, iaz, Elgoibarren. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Etxeberria.
2020ko urtarrilaren 8a
13:54
Entzun

Igande honetan jokatuko da Euskal Herriko krosik garrantzitsuena, Elgoibarko Juan Mugerzarena. 77. ekitaldia izango du aurtengoa, eta, urtero legez, Mintxeta atletismo taldeko antolatzaileek parte hartze bikaina osatu dute. Izen bat nabarmentzen da Mintxetan ariko diren korrikalari guztien gainetik, Hellen Obirirena. Atleta kenyarra atletismoko izarretako bat da. Iaz urte ikusgarria osatu zuen. Izan ere, Elgoibarren (Gipuzkoa) nagusitasunez irabazi ondoren, munduko txapeldun izan zen krosean eta 5.000 metrokoan. Antolatzaileak «oso pozik» azaldu dira Obiri berriro lehian izango delako. Hura da faborito nagusia. Rose Chelimo bahraindarra, eta Beatrice Chebet eta Eva Cherono herrikideak izango ditu aurkari nagusi. 12:30ean jokatuko da lasterketa, eta ibilbidea 7.621 metro luze izango da.

Gizonezkoetan, ordea, ez dago izar distiratsurik. Antolatzaileak saiatu dira aurretik Elgoibarren irabazitako atletaren bat erakartzen, baina ezin izan dute. Hala ere, lehia polita izango da. Paul Chelimo estatubatuarra, Aron Kifle eritrearra, Aras Kaya turkiarra eta Richard Taylor kenyarra nabarmentzen dira, besteak beste. 13:15ean hasiko da proba, eta ibilbidea 10.796 metro luze izango da.

Goiz osoan jokatuko dituzte lasterketak, 09:30ean hasita, eta ETB1k zuzenean emango ditu proba nagusiak, 12:00etatik aurrera.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.