Zinema

'Agora' filmak irekiko du 'Zinema eta zientzia' zikloa

Etzi hasi eta martxora bitarte, 11 film proiektatuko dituzte Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan, kultura zinematografikoa eta zientifikoa batera transmititzeko helburuarekin. Zientzialari entzutetsuek aurkeztuko dituzte proiekzioak.

Zikloa antolatzen duten nahiz emanaldiak hartuko dituzten erakundeetako ordezkariak, Donostian egindako aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2020ko urtarrilaren 8a
13:52
Entzun

Hirugarren urtez, Zinema eta zientzia zikloa antolatu dute Euskadiko Filmategiak eta DIPC Donostia International Physics Centerrek; aurten, lehen aldiz, Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean. Kultura zinematografikoa eta zientifikoa uztartzea eta biak elkarrekin dibulgatzea du xede zikloak. Horretarako, zientziarekin harremana duten 11 film erakutsiko dituzte aurten. Izen handiko zientzialariek aurkeztuko dituzte emanaldiak, Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan egingo dituztenak. Etzi izango da lehena: Agora (Alejandro Amenabar, 2009) emango dute Tabakaleran —hurrengo egunean emango dute Bilboko museoan—, eta Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak egingo ditu aurkezpen lanak.

Erlijioaren eta zientziaren arteko eztabaida du ardatz proiektatuko duten lehen filmak, baina zientziaren askotariko arloak izango dituzte aztergai martxora bitarte emango dituzten gainerako lanek ere. Gattaca (Andrew Niccol, 1997) filmak, esaterako, manipulazio genetikoaz gogoeta egiteko aukera emango du. Emakume astronauta bat du protagonista, berriz, Proxima-k (Alice Winocour, 2019), iazko Donostiako Zinemaldian Sail Ofizialean estreinatu zutenak. Adimen artifiziala da Her (Spike Jonze, 2013) lanaren gai nagusia, eta robotikaren munduan dago girotua, berriz, Autómata (Gabe Ibáñez, 2014). Despertares (Penny Marshall, 1990) filmak neurologia hartuko du hizpide, eta Ad Astra (James Gray, 2019) lanak, berriz, barne-bidaiak eta espazio-abenturak. Zientzia-fikzioari dagokionez, bi film bildu dituzte egitarauan: X: The Man with the X-Ray Eyes (Roger Corman, 1963) eta Frau im Mond (Fritz Lang, 1929). Halaber, programazioan bada itxuraz zientziarekin harreman agerikorik ez duen film bat: Gilda (Charles Vidor, 1946). Baina zikoan sartzeko arrazoia azaldu dute antolatzaileek: traman bada wolframari lotutako hari bat ere. Horiez guztiez gain, The Tree of Life (Terrence Malick, 2011) filma ere erakutsiko dute.

Berritasunik ere badu hirugarren edizioak; izan ere, emanaldiez gain, bost hitzaldi izango dira aurten, beste horrenbeste zientzialariren eskutik. Halaber, Frau im Mond filmaren emanaldian zuzeneko musika jarriko du Javier Perez de Azpeitia piano jotzaileak. Bestetik, Gilda, Bilbora eta Donostiara ez ezik, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Le Select zinema aretora ere eramango du zikloak —hilaren 21ean izango da emanaldia—. Ikastetxeei zuzendutako proiekzioak ere egingo dituzte zikloan: The Day After Tomorrow (Roland Emmerich, 2004) ikusi ahal izango dute ikasleek.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.